Hasi dituzte Ibaiondo urbanizatzeko lanak

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ekainaren 29a

Egoera kaskarrean zegoen gunea egokitzea da asmoa eta hiru helburu nagusi dituzte lanok: aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea, erreka bazterra balioztatzea, eta Aspace inguratzen duen gunea txukuntzea. Aurreikusten dute lanok urtearen amaierarako bukatuta izatea.

Jesus Elortza Bergarako alkatearen esanetan, "Ibaiondo Bergaran nahiko degradatua dagoen zona da eta garai batean urbanizazio bezala egon bazen ere, denborarekin degradatzen joan da".

Proiektuak aintzat hartzen du pasealeku guztia; hau da, Etxeaundi jauregi ondoko sarreran hasi eta beste muturrean dagoen zubipeko sarreraraino. Hain justu ere, bi sarrerok mantendu egingo dira, baina bide berria ere aurreikusten da. Ziburuen ondoan noranzko bikoitzeko bidea egingo dute, Matxiategi kaletik sarrera eta irteera izango duena.

Obren beste helburuetariko bat da zona horretan dagoen aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea. "Orain arte ez zegoen ganorazko aparkalekurik. Lanokin aparkaleku gehiago egokituko ditugu eta guztiak ganoraz markatuta jarriko ditugu", azaldu digu Elortza alkateak.

Horrek aurretiazko lana suposatu du, izan ere, bertako lurrak partikularrenak ziren eta lagapena lortu behar izan dute jabe horiengatik. Horrek, 9-10 hilabetetako kudeaketa lana ekarri die.

Bestalde, erreka kontran oinezkoendako espaloia ere egingo dute eta ibilbidean hiru atseden-gune egongo dira zuhaitz eta eserlekuekin.

Proiektuaren aurrekontua 433.204 eurokoa da eta aurreikusten dute lanok urtearen amaierarako bukatuta izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak