Udalak badihardu forma hartzen. Bilduk eta Aralarrek osatutako Udal Gobernua eratuta dago eta akordio horren oinarri politikoak aurkeztu zituzten atzo, astelehena, iluntzean. Horrekin batera, lehenengo ez ohiko osoko bilkura ere egin zuen udalbatzak atzo, eta besteak beste, batzorde informatzaileak eta alkateordeak onartu zituzten.
Gobernu akordioa
Prentsaurrekoan eman zuten Bilduk eta Aralarrek gobernu akordioaren berri. Haien esanetan, bi alderdiek ordezkatzen dutenetik haratako "bergararren beharrei erantzungo dien" gobernu-akordioa nahi dute. Bestalde, lanerako elkartu izana "aberasgarria" dela uste dute "elkarrizketa eta akordioaren bidez egin behar delako lan bergararrentzat".
Bergarako pentsamendu, sinesmen eta ohitura aniztasuna aintzat hartuta, "guztion elkar-ulertzetik" abiatzen da Gobernu Taldearen lana eta "guztion arteko errespetua eta elkarnala bultzatzea" izango da euren eginkizuna. Hartutako konpromisoen harira, "Udal demokratikoa eraikitzeko konpromisoa" hartu dute, eta "Udaleko ordezkari guztien ikusmoldeak errespetatzekoa".
Horrekin batera, Udal irekia eta aurrerakoia nahi dutela ere azpimarratu zuten. Batetik, "Udala herritarrei eta herriko eragileei zabaltzeko helburuarekin parte-hartzea bultzatuko dugu", esan zuten, eta horretarako tresnak jarriko dituztela. Bestetik, "berdintasunean, gizarte justizian eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako politika garatzeko konpromisoa" hartu dute.
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren aurrean, "prozesu politikoa bultzatzeko konpromisoa" hartzearekin batera, Euskal Herriak "indarkeria guztien desagerpena bideratuko duen eszenatoki demokratikoa behar" duela uste dute eta "indarkeriazko adierazpen guztiak desager daitezen lan egiteko konpromiso tinkoa" hartu dute. Helburu horiek lortzeko, euren egiten dituzte Gernikako Akordioan jasotzen diren oinarriak.
Ardurak banatuta
Hamaika batzorde informatzaile eratu ditu Gobernu Talde berriak eta atzo, astelehena, iluntzeko osoko bilkuran onartu zituen udalbatzak, aho batez. Hemen behean batzordeak eta batzordeburuak:
- Lurralde Antolamendua eta Ingurumena: Jesus Elortza (Maider Arregik lan batzuk hartuko ditu)
- Ogasuna: Lauri Askargorta
- Kultura eta jaiak: Leire Iruin
- Obra eta zerbitzuak: 'Piti' Madariaga
- Gizarte zerbitzuak:Jabi Bengoa (Maren Belastegik lan batzuk hartuko ditu)
- Gazteria eta Hezkuntza: Maren Belastegi
- Euskara: Maren Belastegi
- Kirola: Lauri Askargorta
- Turismoa eta Ondarea: Juanje Amasorrain
- Barne batzordea: Jesus Elortza
- Auzoak eta Landa garapena: Ariane Kareaga
- Partaidetza eta Komunikazioa( ez da berezko batzordea): Jaione Isazelaia
Bi lagun liberatuko dituzte
Alkateordeari dagokionez, hori ere onartu zuten astelehenean. Lehenengo alkateordea Maren Belastegi izango da.
Era berean, Jesus Elortza alkatea eta Maren Belastegi zinegotzia liberatzea eta jardun berrian izango duten soldata –orain arteko lanbidetan zuten berbera– ere onartu zituen udalbatzak, aho batez.
Gai-zerrendako puntu horretan hitza hartu zuen EAJko ordezkari Aintzane Oiarbidek. Batetik esan zuen liberazio eta soldatekin ados daudela, baina zehaztu zuen "jauzi kualitatibo bat eman dela aurreko agintalditik, soldata batekin bi liberatu" zeudelako "orain, aldiz, bi liberatu bi soldatarekin". Bestetik, Udalaren egoera ekonomikoaz kezkatuta daudela azpimarratu zuen eta Gobernu Taldeari eskatu zion "gai hori sakonean aztertzeko bilkura monografiko bat". Elortza alkatea, bere aldetik, ados azaldu zen bilkura hori egiteko eta baita Udalaren zorra jaisteko "proposamenak eta ideiak batzeko eta elkarlanean jarduteko ere".
Udaletik gaindiko ardurak
Udalak beste erakunde batzuetan izango dituen ordezkariak ere izendatu zituzten, besteak beste: Mankomunitaterako, Jesus Elortza, Lauri Askargorta eta Maren Belastegi; Mendi nekazaritza elkarterako, Ariane Kareaga; Ur-Kontsorziorako, Jesus Elortza; Suradesarako, Jesus elortza eta Maren Belastegi; eta Debagoieneko industrialderako, Jesus Elortza.