Aurkeztu dute Bergarako Udako Musika Gauen programa: Berumuga 2011

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ekainaren 29a

Guztira, uztail eta abuztu bitartean zortzi taldek eskainiko dituzte kontzertuak eta musika beltzari emango diote indarra aurtengoan: besteak beste, rocka, jazza, funkya, bluesa eta soula jorratuko dira. Horretarako, Euskal Herriko taldeez gain, esaterako, Galizia, Madril, Portugal, eta Berlingo taldeak etorriko dira Bergarara.

Aurten 11. aldiz egingo dira Bergarako Udako Musika kontzertuak, baina lehenengo aldiz hartuko dute Berumuga izena.

Musika beltza

Bergarako Udaletik ikusi zuten desoreka handiak zeudela hiriburu eta herri txikietako musika beltzaren inguruko eskaintzaren artean. Eta ikusita barrualdeko herri txikietan ez zegoela musika hori entzuteko aukera handiegirik, desoreka hori neutralizatzeko asmotan, hartuko du indarra aurten musika beltzak Berumuga ekimenean.

Gainera, jaietan eta bestelako kontzertuetan musika beltzari tarte txikia eskaintzen zaio eta Leire Iruin Bergarako kultura zinegotziaren ustetan, udako gauek eta Bergarako Espoloiak eskaintzen duten aukera paregabea izango da musika beltzaren inguruan giro berezia sortzeko.

Zortzi kontzertu uztail eta abuztuan

Aurten kontzertuak uztaileko lehen 4 egubakoitzetan eta abuztuko lehen 4 eguaztenetan izango dira, eta Gaztelupeko Hotsak Soraluzeko musika promotorearen bitartez antolatu dute.

Bertako ordezkariak esan du aukera paregabea izango dela maila altuko artistak gertu-gertutik ikusteko, izan ere, horrelako musikarien kontzertuak gehienetan eszenatoki erraldoietan izaten direla gaineratu du, eta oraingoan Bergarako Espoloian izango dira, guztiak gaueko 22:00etan.

Hasi uztailaren 1ean hasiko dira Bergarako Udako Musika Kontzertuak Gasteizko RS Faktor taldearen emanaldiarekin. Eskarmentu handiko bost gazte musikarik osatzen dute taldea eta jazz eta funky doinuak ekarriko dizkigute.

Hortik aurrera, abuztuaren 17ra bitartean, badago musika beltzarekin nola gozatu Bergarako Espoloian, Berumuga ekimenarekin.

Egitaraua

Uztaila:

  • Uztailaren 1ean: Gasteizko RS Faktor taldearen emanaldia. Eskarmentu handiko bost gazte musikarik osatzen dute taldea eta jazz eta funky doinuak ekarriko dizkigute.
  • Uztailaren 8an: Alex Caporuscio Band taldea igoko da oholtzara. Londresen jaio eta Madrilen bizi diren kideek osatzen dute taldea eta gitarra jotzaile irudimentsu baten indarra dute; blues, rock eta boogie estiloetan mugitzen dira.
  • Uztailaren 15ean: Badajoz eta Portugalgo kideak dituen NAO taldeak eskainiko du kontzertua. Herri sustraietatik abiatutako proposamena da; CIRA kantariaren inguruan sortutako egitasmo musikala eta jazz eta soulaz gain, kantagintza ere lantzen dute.
  • Uztailaren 22an: Rico McLarrin and Marcos Coll Band taldeak emango du kontzertua. Jendaurreko emanaldian eskaintzen duten ikuskizuna blues, funk eta soulaz dago kutsatuta, guztia berezko duten jai giroan.

Abuztua:

  • Abuztuaren 3an: Reverendos Bilboko taldea igoko da Espoloiko oholtzara eta oinarrizko rockaren indarra ekarriko digute.
  • Abuztuaren 10ean: Zaragoza eta Madrilgo musikariez osatutako Troublemakers taldea izango da Bergaran, musikaren road-moviea zuri-beltzean eskaintzeko.
  • Abuztuaren 17an: Eibarko Mursego taldea igoko da agertokira eta euren berezitasunak dira sinpletasuna eta abangoardia.
  • Abuztuaren 24an: Bera eta Donostiako Xabi eta Petti igoko dira eszenatokira. Eurek uztarketa musikal berezia egingo dute eta atzoko eta gaurko kantuen moldaketak era berezian egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak