Arrizuriagako parkea uztailean zabalduko dute

Edu Mendibil 2011ko ekainaren 27a

Udaleko lorazainak lanean dira egunotan Arrizuriaga parkean. Oraindik ere lana egiteko daukate parkea publikora zabaldu aurretik. Udaleko iturrien arabera, uztailaren bukaeran zabaltzea da asmoa.

Data definitiboa zehazteke duten arren, parkea uztailean zabaltzea aurreikusi dute Udalean. Zabaldutakoan herritar ugarik aspalditik egindako eskaerari erantzuna emango zaio. Izan ere, herri erdian dagoen parke horrek urte mordoa darama itxita. Hasiera baten, udaberrirako zabaltzea zen asmoa, baina lanak uste baino gehiago luzatu dira eta udan zabalduko dute azkenik.

Untzeta jauregia XVII. mendekoa da eta lorategia ordukoa da. Sasoi hartako tendentzia paisajistikoak jarraitu zituzten lorategia antolatu eta hornitzeko orduan. Balio handikoa da gaur egun ere eta kultur ondare izendapenari eutsi nahi zaio. Besteak beste, astigar eta zedro ikusgarriak dira parkearen barruan.

Untzeta jauregia eta lorategia bereizten dituen errepidea 2007an egin zuten, Espaloiatik, Mariaren Lagundiatik Ramon Maria Lili zeharkatu eta Ibargaraino datorrena hain justu. Gaur egun XX. mendearen hasieran eraikitako Arrizuriaga etxeak ematen dio izena parkeari. Bestalde, orain dela hiru urte, 20. areako urbanizazioarekin jarraituz, parkearen ondoan zegoen adreilu gorriko txaleta bota zuten. Ordutik pilatutako lurrak ere erretiratu behar izan dituzte apiriletik hona.

Hiru sarrera

Nagusiki parkea txukuntze egin dituzte parkean udaberritik: sasiak kendu, belarra moztu, zorua berdindu eta bestelakoak. Antzibar enpresako langilez gain, udal brigadako langileek, lorazainek eta igeltseroek jardun dute. Parkea egokitzeko lanek 33.000 euro inguruko aurrekontua izan dute.

Arrizuriagaren atzealdean dagoen ezpondaren ertzean egurrezko hesia jarri dute istripuak saihesteko, erorikoren bat edo beste gertatu izan baita bertan. Bergarako berdegune publiko berriak hiru sarrera izango ditu: nagusia, Espaloian dagoena; Ramon Maria Lili kalera ematen duena (sarrera horrengandik gertu harrizko bi hesi gurutzatzen dira gaur); eta, azkenik, umeendako jolastokiaren ondokoa, Ibargaraiko plazatxokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak