Abesti honek historia handia darama atzetik, Orkestrak jendaurrean jo zuen lehen partitura izan baitzen. Orkestra sortu zenetik, 1986. urtetik, 25 urte igaro dira, eta Euskal Herriko Orkestra Sinfoniko ez profesional onenen artean kokatzen da.
Kontzertu honetan, Orkestrak aldez aurretik jota zituen obra klasikoak izan ziren protagonistak. Horrekin batera, 25 urteetako ibilbidean, oraindik bertan jarraitzen duten 13 musika-joleei eskerrak eman zizkieten, beraien artean zuzendaria den Alfredo Gonzalez Chirlaqueri.
Hasierako urteetako oroitzapenak gogoraraztean, musika-joleak emozioz beterik, malkoak erortzen zitzaizkien, baita ikusle askori ere.
Momentu hunkigarri asko egon ziren ekitaldi guztian zehar. Benito Lertxundiri omenaldia ere egin nahi izan zioten, duela urte batzuk beraiekin izan baitzen kontzertu batean. Bere abesti bat jo zuten, Udazken koloretan, Orkestrako musikagileek musika ipiniz, eta Aitzol Mujika abeslariak, berriz, ahotsa. Mujikak Xabier Leteren Salbadorren heriotza ere abestu zuen Orkestrarekin batera.
Koruen laguntza
Gaueko 23:15 inguru, kontzertuaren bigarren zatiari eman zioten hasiera, M. Schönberg-en Miserableak musikaleko Agurrarekin. Bigarren zati honetan, Bergarako Orfeoiaren eta Aritzeta abesbatzaren laguntza izan zuten orkestrako musika-joleek.
Oroigarri eta lore sorta ugari
Kontzertua amaitzear zegoela, oroigarri, sari eta loreak banatzeari ekin zioten. Lore sorta ugari banatu zituzten: Ainara Ortega eta Aitzol Mujika bakarlariei, Aitor Biain abeslari eta zuzendariari, Orfeoiko eta Aritzeta abesbatzako zuzendariari, Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugalderi…
Amaitu aurretik, 25 urte hauetan orkestraren zuzendaritzapean egon den Gonzalez Chirlaque jaunari oparia egin zioten musika-joleek. Orkestrako kide guztiak, zutik jarrita, beraiek sortutako abesti bat abestu zioten, eta haren bidez zuzendariari eskerrak eta urte askotarako esan zioten.
Kontzertua Bost lerro abestiarekin amaitu zuten, Musia Eskolako umeen abesbatzakoak ere bertan zirela. Emozioz beteriko momentu honekin agurtu zituzten ikusleak, 25 urte barru bertan berriz ikusiko direlakoan, ongi ibiltzeko.