Atzoko prentsaurrekoan Maitane Arizabaletak eta Idoia Elkorok hartu zuten hitza. Arizabaletak azpimarratu zuenez, "Euskal Herrian eta Bergaran herritarren eskubide zibil eta politikoak zapalduta jarraitzen dute: legez kanporatzeak, torturak, epaiketa politikoak, presoen eskubideak... Gainera, 300 bergararri Udal hauteskundeetan parte hartzea debekatu diete, Agurne Barruso alkateari tartean, eta herritarroi haiei bozkatzeko eskubidea ukatu digute. Preso eta iheslariak Bergaratik urrun dira eta zigorra beteta dutenak, Kanto eta Lazkanoren kasuan bezala, kartzelan mantentzen dituzte. Gure etorkizuna bakean, libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea debekatzen zaio gure herriari".
Era berean, hainbat bergararren kasuak gogoratu zituen Arizabaletak prentsa aurrean: "Aittor Aranzabalek bi urte egin ditu kartzelan Batasunako Mahai Nazionaleko kide izatearren eta epaiketaren zain dago. Lan politikoa egitea debekatuta dauka. Mikel Zubimendirekin eta Mikel Garaiondorekin gauza bera. Xabier Arregi Txapi-k zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuen (Alacanten dago gaur) EKINeko kide izatearren eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiari 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Egin sortzeagatik. Gaixorik kartzelatik atera eta etxean daukate zigortuta oraindik, politika ezin eginda. Haren semeetako bat, Iñigo, presoen alde lan egitearren auziperatuta dago, sententziaren zain. Azkenik, Aitziber Plazaola SEGIko kide izatearren auziperatu dute eta 25 urterekin etxetik ihes egin eta ezkutatuta ibili beharra izan du. Alcala Mecoko espetxean da gaur".
Eguaztenean Irala kalean batutakoek herritarren atxikimendua eskatu zuten: "herri osoa, kolore ezberdinetako herritarrak, jarri behar ditugu eskubide zibil eta politikoen defentsan, Jose Luis Elkororekin lortzen ari garen bezala".
Ezker abertzalearen Bateragunearen kontrako epaiketa egingo da ekainaren 27tik uztailaren 5era Audientzia Nazionalean, Madrilen. Epaiketa salatu eta auziperatutakoei elkartasuna adierazteko hainbat ekitaldi iragarri dituzte. Idoia Elkorok eman zituen horien berri.
- Elkartasun gunea Irala kalean. Ekainaren 27tik uztailaren 1era. 19:00etatik 20:30era. Bakarkako eta taldekako argazkiak ateratzeko aukera izango da.
- Hitzaldia, ekainaren 28an, Irizar jauregian, 19:00etan. Hizlariak: Maite Aristegi (Independentistak sareko kidea), Julen Arzuaga (Giza Eskubideen Behatokiko kidea, abokatua eta idazlea) eta Mikel Zubimendi (Ezker abertzaleko militantea eta auziperatua).
- Ekainak 30. Triki-poteo erreibindikatiboa Irala kaletik, 19:30ean.
- Uztailak 2. Manifestazioa Donostian. Arrano eta Bulebar tabernetan autobuserako txartelak salgai.
- Uztailak 3. Atxikimendu bilketa San Martzialen.
- Uztailak 5. Jendearen parte hartzearekin bi L handi osatuko dituzte San Martin plazan, eta argazkia aterako dute. Libre eta Legala da zabaldu nahi den mezua.