Musika Eskolakoen diploma banaketa gaur

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 22a

Aurtengo ikasturteari amaiera ona emateko asmoz, diplomak banatuko dizkie Bergarako Musika Eskolak ikasleei gaur, eguaztena. Egindako lanaren ziurtagiria jasotzeaz gain, emanaldia eskainiko dute ikasleek Zabalotegi aretoan. 18:30ean hasiko da ekitaldia.

Urtero ikasturte amaieran egiten den ekitaldia da hori, eta dagoeneko ohitura bilakatu da Bergarako Musika Eskolan ikasten duten gaztetxoentzat. Hain zuzen, bi diploma mota banatzen dira ekitaldi horretan: bigarren mailako diplomak, batetik, eta hirugarren mailako diplomak, bestetik.

Aurten egingo den ikasturte amaierako kontzertu horretan, 26 ikasle izango dira bigarren mailako diploma horiek jasoko dituztenak eta hirugarren mailako diplomak, berriz, hiru ikaslek bakarrik eskuratuko dituzte.

Kontzertua Zabalotegi aretoan

Eta irakasle eta ikasleen arteko zerbait izan ez dadin, kontzertu bat antolatu dute Bergarako Zabalotegi aretoan, edonork ikusi ahal izango duena. Hala ere, gurasoei dago zuzenduta batez ere, euren seme-alabek ikasturtearen zehar ikasi dutena ikusteko aukera izan dezaten.

Hainbat musikarik hartuko dute parte, eta akordeoia, oboea, biolina, pianoa, flauta, saxofoia, gitarra, klarinetea, tuba eta fagota izango dira ekitaldi horretan entzun ahal izango diren musika instrumentu nagusiak.
Datorren eguaztenean, hilaren 22an, arratsaldeko zazpietan izango du ekitaldi horrek hitzordua, Zabalotegi aretoan.

Kontzertu horretan, ikasleek, diploma hartu ahala, ikasturtean zehar landutako obraren bat joko dute, batzuen kasuan bakarka, beste batzuetan bikoteka. Taldeka joko duen nor edo nor ere izango da.

Kontzertua amaitzerakoan, Bergarako Musika Eskolak luncha eskainiko die diplomak jaso dituzten ikasleei eta haien senitartekoei, Bergarako Musika Eskolako egoitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak