Eguaztenean, hasi zituzten San Pedro parrokia zaharberritzeko lanak. Aldamioak jartzea eta eliza barruko artelanak estaltzea da egingo duten lehen lana eta egun batzuk beharko dituzte horretarako.
Helburua parrokia erabat zaharberritzea bada ere, orain hasi dituztenak lehenengo faseko lanak egiteko prestakizunak dira: nabe nagusiko teilatua eta kanpandorrea konponduko dituzte fase horretan eta lanok urtebete inguru iraungo dute. Kanpandorrearen kasuan, egonkortu eta garbitzeaz gain, dituen gainerako elementuak ere konponduko dituzte: kanpaiak, erlojua… Teilatuari dagokionez, erabat jasoko dute eta egurrezko egitura egoera nahiko onean dagoen arren, usteldutako piezak ordezkatuko dituzte eta guztia egonkortuko dute.
Lehen fase horrek 1.200.000 euro inguruko aurrekontua du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euroko laguntza emango dio parrokiari. Gainerako 800.000 euroko gastuari aurre egiteko, Amenabar enpresa eraikitzailearekin trukea egin dute: Komenio kaleko 4. zenbakian daukaten eraikina emango diote Amenabar enpresari, eta horren truke lehen fasean egin beharreko obrak egingo ditu Amenabarrek. Baita Sierbetako komentua zena erabat birmoldatu ere.
Beste bi fase
Zaharberritzeak beste bi fase izango ditu. Bigarrena ere elizaren kanpoko aldeari dagokio: batetik, presbiterioko teilatua, sakristiarena eta sakristia inguruko eraikinenak konponduko dira; bestetik, fatxada ere zaharberrituko dute. Lanok beste urtebete inguru iraungo dute. Hirugarrenean, eliza barrutik konpontzea da asmoa, baina hori egingo dute "finantziazio modua segurtatzeko biderik balego", elizako iturrien arabera. Argiteria sistema berritu nahi dute, berogailu sistema jarri, hezetasun arazoa konpondu, zorua berritu, guztia garbitu eta margotu eta elementu artistikoak zaharberritu.