Aurten, guztira, ia 500 lan aurkeztu dira, sei genero bereizi direlarik: Ipuin idatzia, bertsoa, komikia, ipuin kontaketa eta antzerkia, txisteak eta umorezko pasadizoak eta eskola irratsaioa. Banaka zein taldeka aurkeztu dituzte lanak eta herriko ikastetxeek ere parte hartu dute taldeka.
Parte hartzea generoka
- Ipuin idatzia: 267
- Bertsoa: 22
- Komikia: 97
- Ipuin-kontaketa/Antzerkia: 50
- Txisteak eta umorezko pasadizoak: 32
- Eskola irratsaioa: 19
Lehiaketaren inguruko balorazioa
Antolatzaileak, Bergarako Udaleko euskara zerbitzuak, balorazio hau egin du parte hartzeari dagokionean:
"Oro har, parte hartzeari dagokionez, azken urteetakoaren antzekoa izan da. Urterik gehien daramatzan generoa ipuin idatzia da eta horretan parte hartzea nahiko handia eta egonkor samarra da aspalditxotik.
Azken urteetan, berriz, ahozko generoak bultzatu nahi izan dira eta horietan ere apurka-apurka ari da sendotzen parte hartzea. Kontuan izan behar da ipuin idatzietan egileek bakarka parte hartzen dutela normalean eta ipuin-kontaketa, antzerki, eta irratsaioetan gehienetan taldean jarduten dutela.
Bestalde, lanen kalitateari dagokionez, oro har, azken urteetako maila berdintsua izan da aurten ere. Koldo Eleizalde lehiaketa herri mailako lehiaketa bat izanik, maila altueneko sortzaileek 2-3 urteetan parte hartu eta saria irabazten badute, utzi egiten diote parte hartzeari eta kasu batzuetan herriz gaindiko beste lehiaketa batzuetan parte hartzen dute".