Atzoko beroari aurre egiteko zer hobe igerilekuan bainu freskagarria hartzea baino? Bada, Bergaran hori egin zuten gaztetxo askok atzo, eguztena. Uda denboraldiari hasiera emanez, kanpoko igerilekuak zabaldu zituzten eta denbora galdu barik han batu ziren eskola-ume ugari.
Berdegunea konponduta
Berdegunean zeuden potzu arazoak konpondu egin dituztela aurreratu dute Udal iturriek. Arazoak konpontzeko, ureztagailuak aldatu egin dituzte, sistema berriarekin, eta belar guztia berriz erein dute. Bestalde, igerilekuan bertan arazoak ematen zituen elefante itxura zeukan tranpolin txikia ere kendu egin dute, ume txikienak eskaileretan erori egiten zirelako.
Tabernan aldaketa
Bestelako berrikuntzen artean, maiatzean obra txiki bat egin zuten, soilik tabernako bezeroak zirenei igerilekura sartzea galarazteko. Igerilekura doazenak tabernara sartu ahal izango dira, baina ez alderantziz.
Bestelakoan, iaz bezala, ekainaren 27tik uztailaren 22ra arte dinamizatzaile bat egongo da kanpoko igerilekuan, bi orduan, arratsaldeetan. Kirol teknikari Unai Asurmendik honakoa dio: "Ume dezente etortzen dira, eta gainezka egoten da kanpoko igerilekua; baina barruko biak hutsik geratzen dira". Hori saihesteko eta igerilekuko instalazioetan une berean erabiltzaile asko egotea saihesteko lanean ibiliko da dinamizatzailea.
Prezioa, guztiek berdin
Azkenik, aurten sarrera berdin ordainduko dute Bergaran erroldatuek zein gainerakoek: 3 euro 3-17 urte artekoek eta 6 euro adinekoek, eguneko sarrera.
Bailarako lehena
Agorrosingo kanpoko igerilekua irekitzen Debagoieneko lehena izatea ez da kasualitatea. Unai Asurmendi Bergarako Udaleko kirol teknikariak esan duen moduan, "ikastetxeek eskatuta" egin dute hala: "Joan den astean, eskola-orduetan etortzea eskatu ziguten, eta horregatik ireki genuen atzo, eguaztena".
Arrasaten, zapatuan irekiko dituzte Musakolako kanpoko igerilekuak. Eskoriatzako kanpokoak ere zabalik geratuko dira egun berean; eta Oñatiko berdegunea (bakarrik barruko igerilekuak daude-eta han) ere zabalik geratuko da, bainutokiaren osagarri.