Iazko ekitaldian 75 txirrindulari izan ziren lasterketan, eta aurten ez dituzte ziklista gutxiago espero, hainbat kategoriatan. Hala, zapatuan ere kadete, gazte eta elite mailako ziklistak batuko dira, eta kategoria bakoitzak ibilbide ezberdina izango du. Eliteak irtengo dira lehenengo (87 kilometro), eta ondoren irtengo dira gazteak (62) eta kadeteak (31). Antolatzaileek hala egitea erabaki dute, helmugara denak ere nahiko bateratsu iristeko.
Ibilbide laua izango da
Ibilbidea laua izango da, Osintxu, Bergara eta Zubillaga artean; hala, parte hartzen duten txirrindulari guztien helmugaratzea erraztu nahi izan dute, helburu nagusia parte-hartzea sustatzea delako. Baina, kontuan izan lasterketa Euskaldun torneorako puntuagarria izango dela.
Iaz puntako ziklistak gailendu ziren Osintxun, Alicia Gonzalez –Espainiako Txapelduna– Tania Calvo –Europako azpitxapelduna– eta Leire Olaberria –domina lortu zuen Pekinen. Eta, biharko probarako ere puntako ziklistak espero dituzte.