San Martin plaza saskibaloi kantxa bilakatuko da, laugarren urtez

Xabier Urtzelai 2011ko ekainaren 16a

Bergarako Saskibaloi Elkarteak saskibaloia kalera ateratzeko laugarren ahalegina egingo du ekainaren 25ean eta 26an, eta aurreko edizioetan moduan, aurten ere San Martin plaza kantxa bilakatuko dute, erritmo azkarreko partiduak hartzeko. Atzo, eguaztena, egin zuten txapelketaren aurkezpena.

Aurreko hiru edizioetan txapelketak hartu duen oihartzunarekin, antolatzaileek aurreikusten dute datorren asteburuan (hilak 25 eta 26) egingo duten Hirunako Soraluce Saskibaloi Saria arrakastatsua izango dela. Dagoeneko zabalik dago izenemate epea, eta klubaren webgunean eman daiteke izena (datorren eguaztena da, hilak 22, izena emateko azken eguna).

Txapelketan kategoria guztietako saskibaloi-zaleek jokatu ahal izango dute, benjamin mailatik seniorretaraino. Zapatu goizean kadete eta gazte mailakoek jokatuko dute, eta arratsaldean, 16:00etan hasita, ibarreko seniorren eta elite mailako seniorren txanda izango da, bai gizonezkotan eta baita emakumezkotan ere. Domekan, berriz, gaztetxoen txanda izango da, eta 10:00etan hasita alebinek, benjaminek eta infantilek jokatuko dute.

Saskibaloi mahaingurua

Azken ediziotan egin moduan, motorra berotzen joateko Bergarako saskibaloi taldeak antolatuta mahaingurua egin izan dute torneoa baino lehenago. Eta, aurten ere Saskibaloi modernoa eta istorioak izenburupean mahaingurua egingo dute hilaren 23an, 19:00etan Miguel Altunan. Puntako saskibaloi jokalariak ekarri nahi dituzte, baina oraindik ezin izan dute parte-hartzaileen izenik eman. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak