Miren Errasti: "Gazteek eurek dituzten ideiak entzuteko prest dagoen norbait behar dute aldamenean"

Asier Alkorta 2011ko ekainaren 13a

Aspalditik dabil aisialdiaren alorrean lanean eta gustuko duela dio. Orain, herriko gaztelekuan lan egingo du, Xabaloten. Atzo gaztelekua inauguratu eta gero, ekainaren 16an, jaiak pasatu ondoren, hantxe egongo da, gazteen zain eta haiei entzuteko prest, eguenetik domekara: Miren Errasti (Bergara, 1989). Lan berria ilusioz hartu duela dio.

Aisialdiaren alorrean lan egingo duzu. Aurretik ere alor horretan ezer egin duzu?
Bai. Heziketa Berezia ikasi nuen eta orain gorren hizkuntza ikasten nabil, alor horretan lan egiteko. Aisialdiaren alorrean duela urte batzuk hasi nintzen lanean eta ordutik hona hortxe nabil. Jardunek antolatutako ekintzetan ere parte hartu izan dut.

Beraz, ondo konpontzen zara gazteekin.
Bai, eta ondo konpontzeaz gain gustura egoten naiz haiekin.

Herriak gazteleku baten beharra zuela uste duzu?
Bai. Ni gazteagoa nintzenean, 14 urterekin, gu izan ginen gazteleku bat eskatu genuenak. Baina Udalak euskaltegian gela bat moldatu eta pare bat begirale jarri zituen, ez besterik.

Beraz, txoko horrek ez zeukan gazteleku funtziorik.
Hori da. Horren aurrean, aspertu egin ginen eta lokal bat hartu genuen. Egoera horrela egonda, herriak gazteleku baten beharra bazuen, duda barik.

Gaur egungo gazteek aisialdia zelan igarotzen dutela esango zenuke?
Nik uste dut askotan gazteak kalean egoten direla, zer egin jakin gabe. Zinema eta merkataritza-guneetara ere joaten dira, baina, orokorrean, ez dute izaten nora joan.

Xabalote gaztelekuak zer eskainiko die herriko gazteei?
Eurak lasai egoteko leku bat eskainiko die gaztelekuak. Eta, hortik aurrera, haiek nahi dutena proposatzeko askatasuna izango dute. Gustuko ekintzak egiteko aukera izango dute.

Begiraleok psikologoen papera ere betetzen duzue?
Nik ez nuke esango psikologo papera betetzen dugunik. Gaur egun, gazteek eurek dituzten ideiak entzuteko prest dagoen norbait behar dute aldamenean. Lagun modura jokatzeko pertsona bat behar dute; euren iritzia emateko aukera eduki behar dute.

Etorkizunean aisialdiaren alorrean lan egitea gustatuko litzaizuke?
Bai. Nire asmoa hezkuntza alorrean sartzea da, baina aisialdiaren alorra ez dut baztertuko.

Beti izan izan duzu argi?
Institutu garaian fisika eta bestelako gaiak lantzen hasi nintzen, baina horrek nirekin ez zuela funtzionatzen ikusi nuen. Hezkuntza alorrak, ostera, betidanik tira egin izan dit.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Bidaiatzea, duda barik. Hori oso garrantzitsua da. Bestela, ba, ezer berezirik ez. Mendian txakurrekin osteratxoak eman eta listo.

Gazteekin pazientzia izan beharko duzu, ezta?
Bai, pazientzia garrantzitsua da, baina limiteak ere ondo zehaztu behar dira. Izan ere, gazteek jakin egin behar dute noraino ailega  daitezkeen begiralearekin. Limiteak ondo markatzea ezinbestekoa da.

Inoiz egoerak gainez egin dizula sentitu duzu?
Ez, orain arte izan dudan esperientziarekin ez.

Gaztelekura joateko zer esango zenieke herriko gazteei?
Gaztelekuan ekintza pila bat egingo direla esango nieke. Lokala berria da eta eraikinak ekintza asko egiteko aukera ematen digu. Orokorrean, gazteak dituzten ideiak bota eta proposamenak egiteko askeak izango dira.

Beraz, gaztelekuaren programak ez du egitura itxia izango.
Ez. Gu gazteak entzuteko prest egongo gara, eta, ondorioz, animatzeko esango nieke. Esku zabalik hartuko ditugu Xabalotera datozen gazte guztiak.

Ze ordutegi izango duzue?
Eguenetik domekara arte egongo da zabalik Xabalote. Eguenean eta domekan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta egubakoitzean eta zapatuan 17:00etatik 21:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak