Aritz eta Beñat Rezustak 22-15 irabazi zioten Julen Muguruza eta Mikel Salegi bikoteari. 18:30 inguruan hasi zuten finala; hasieratik jarri ziren markagailuan aurretik Rezustatarrak, eta esan daiteke arazo barik irabazi zutela txapela.
Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuak jokatu zituzten. Igor Igartua eta Mikel Gallastegik 22-16 irabazi zieten Iñaki Olaortua eta Oskar Sarasuari.
Frontenis partiduak
Behin pilota partiduak amaitu zirenean frontenis txapelketako finalei hasiera eman zieten.
Lehenengo hirugarren eta laugarren postuak jokatu zituzten. Jon Linazisoro eta Gorka Irizarrek 22-18 irabazi zieten Diego Ardohain eta Luis Javiere Martinezi.
Azkenik, final handia jokatu zuten Jokin Etxaniz eta Ibon Aranak Aitor Gabiña eta Nikoren aurka. Partidu nahiko samurra izan zen bigarren bikotearendako; hala, 22-8 nagusitu ziren Gabiña eta Niko.
Sariak
Bai esku-pilotako irabazleek eta baita frontenis txapelketako irabazleek ere sari potoloak izan zituzten. Lehenengo sailkatuek garaikurra, Lasa jatetxean bazkaria eta buruz-buruko txapelketako finala ikusteko sarrerak lortu zituzten. Bigarren geratu ziren lau lagunei Zumelaga jatetxean bazkaria eta Aspe pilota enpresako kamiseta bana eman zieten.