Jesus Elortza: "Herrirentzat baino, herriarekin lan egin nahi dugu. Parte-hartzea areagotuko dugu"

Imanol Gallego 2011ko ekainaren 11

Espero zen moduan, Bilduko zerrenda burua zen Jesus Elortzak Ana izendatu dute alkate ezustekorik izan ez den bilkuran. Guztira hamaika boto jaso ditu bere alderdiko 9ez gainera Aralarreko bi zinegotziek ere bere alde bozkatu dute. Izan ere, Bergaran Bilduk gehiengo osoa lortu arren, Aralarrekin batera gidatuko du herria. Hemen dituzue argazkiak ikusgai.

Ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago osoko bilkuren aretoa jendez beteta zegoen. Ikusmin handia zegoen, nahiz eta hauteskundeetako datuek Jesus Elortza alkate izango zela ziurtatu.

Adin mahaia eratu ostean zinegotzi guztiek kargua onartu dute. Udaletxeko idazkariak horrela galdetuta hiru alkategai agertu dira. Jesus Elortza (Bildu), Aintzane Oyarbide (EAJ) eta Mari Carmen Barrenetxea (PSE-EE). Oyarbidek  5 bozka lortu ditu, Mari Carmenek bakarra eta Elortzak 11 bozka. Bilduko hautagaiak bere alderdiko bozkez gainera, gobernua eratuko duen Aralarrenak ere jaso ditu-eta.

Alkate berriaren lehen hitzak

Jesus Elortzak parte hartze hitza behin baino gehiagotan aipatu du. Udala eta herriaren elkarlana areagotu nahi duela azpimarratzean. “Elkarrizketarako irekia” dagoen udal bat eratu nahi duela gaineratu du alkate berriak. Etorkizuneko ideiak aurkeztu baino lehen, Elortzak “eredutzat” izango dituen hiru alkate aipatu ditu, Monzón, Elko eta Barruso. Ondoren, oso hunkituta zegoen Agurne Barrusok agintea irudikatzen zuen uztai bat eman dio Elortzari, bilkuran zegoen jendearen txaloen artean.

Ekitaldia bukatu bezain laster, udalbatza zaharrari omenaldia egin diote San Martin plazan. Bertan, ia negarrari eutsi ezin zion, Agurne Barrusok, eskerrak eman nahi izan dizkio “bere ondoan” izan duen Bergarari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak