Xabalotek ateak ireki ditu

Asier Alkorta 2011ko ekainaren 10a

Adituek diotenez, gazteak ez dira askorik mugitzen, baina, ireki berri den Xabaloteri egin dioten harreraren ostean, gezurtatu egin beharko dugu hori. Atzo, Bergarak gaztelekua ireki zuen eta herriko gazteak hantxe izan ziren, espazio berri hori ezagutzen.

Gonbit ordua baino ordu erdi lehenago iritsi ziren lehen gazteak Xabalotera. Irrika handia zegoen  hemendik aurrera izango duten jolas eta parte-hartze eremu berri hori ezagutzeko. Adinak ematen duen hasierako lotsa horrekin, baina, apurka, lekua ezagutzen hasi ziren.

Gela berriak miatu ostean lehen irribarre eta sorpresa aurpegiak ikusi genituen; itxuraz, eraikinak gazteen oniritzia jaso zuen. Orain, baina, euren txanda da; Barruso alkateak gogorarazi zien moduan, "euren proiektu eta ideiek" bete beharko dute gaztelekua.

Lan hori, baina, ez dute bakarrik egingo, gaztelekua Jardunek kudeatuko du-eta. Bertako langile Miren Errastiren hitzetan, "gazteekin garatzeko proiektua da". Hor dago horrenbeste urteren ostean egia bilakatu den proiektu honen erronka nagusia:  gazteak ilusionatzeaz gainera, proiektu berrian inplikatzea.

Lan luzearen fruitua

Gazteek ez zuten kontuan hartu, baina Xabalote egiteko lan handia egin da. Hasieran beste bi proiektu aurkeztu ziren, azokaren baxuetan eta Santa Anako kaperan, baina biak baztertu ziren. Euskaltegia Irizar jauregira eraman zenetik, eraikin zaharrean egitearen proiektuak forma hartu zuen. Miren Errastiren hitzetan, "tokiak aisialdirako aukera mordoa eskaintzen ditu". Hemendik aurrera, baina, aukera horiek erabiltzea da eguneroko erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak