Ana Orgaz: "Bergararrek nire herria zein zen konturatzen lagundu didate"

Asier Alkorta 2011ko ekainaren 12a

Duela 50 urte heldu zen Bergarara. Eta urte hauetan guztietan ez da geldi egon. Batean eta bestean, gizarte arloan zein arlo kulturalean, beti izan du zer egin Ana Orgazek (Salamanca, 1945). Bizi osoa Bergaran daramala badirudi ere, ez da horrela. Hala ere, kanpotik etorri bazen ere, di-da batean egin zen herrira. Egindako guztiarekin harro dago eta 50 urteotako ibilbidea elkarrizketa honetan laburbiltzen saiatu da.

Bergarara heldu eta zein izan zen herriari buruz izan zenuen lehenengo iritzia?
15 urterekin etorri nintzen, eta, autobusetik jaitsi nintzen momentuan, hizkuntzak, euskarak erakarri zuen nire arreta. Ez nuen ulertzen jendeak ze hizkuntzatan hitz egiten zuen. Nik uste nuen Espainiara nentorrela eta bat-batean ez nekien non nengoen ere. Sorpresa hartu nuen.

Baina herrira segituan egin zinen, ezta?
Hasieran kostatu egin zitzaidan. Izan ere, nik Salamancan kalean egiten nuen bizitza gehiena eta hemen etxe baten sartu nintzen, umeak zaintzen, 18 urte bete arte. Behin adinez nagusi nintzela, lantegian hasi nintzen lanean.

Herrira eginaz batera elkarteetan parte hartzen hasi zinen?
Hasieran JOC (Juventud Obrera Catolica) elkartean sartu nintzen. Elkarte honen helburua meategian lan egiten zuten gazteei kultura maila bat ematea zen. Formakuntza sistema bikaina zuen: ikusi, epaitu eta ekin egiten zen. Lanerako eta gizarterako kultura ematen genien elkarteko kideei. Astero elkartzen ginen eta bileran bakoitzak arazo bat mahairatzen genuen. Gero, arazo horren aurrean irtenbideak bilatzen saiatzen ginen. Interesgarria zen.

Nolakoa zen hain gogorra zen garai hartan gizarte gaiak jorratzen ibiltzea?
Denaren gainetik, arriskutsua zen. Edozergatik kartzela zigorra ezartzen zen eta kontuz ibiltzen ginen. Niri, kasu askotan, nire karnetak askotarako balio izan zidan. Salamancan jaiotakoa nintzela ikusten zutenean ez nintzela arriskutsua uste zuten.

Salamancatik etorri eta Bergarako gizarte eta politika gaiak lantzen hasi zinen?
Bai; dena kasualitatez izan zen. Kasualitatez etorri nintzen eta hortik aurrerako guztiak gertaerak izan dira. Sindikatuen sorrera, kooperatibena,...

Eskerrak zure karnetari.
Egia da, horrek askotarako balio izan dit. Dena delitua zen-eta. Egia esan, gaur egun ere, duela gutxira arte, egoera antzekoa izan da hemen, zoritxarrez. Erregimenaren jazarpena askok sufritu dute berton. Hori penagarria izan da.

Eta gutxinaka-gutxinaka joan zinen gizarte gaietan gehiago sakontzen?
Gero, kooperatiben sorrera etorri zen. Hasiera baten ez nuen argi ikusten kooperatiben gaia, baina azkenean barruan amaitu nuen. Klandestinitatean lan egiten jarraitu nuen.

Zergatik parte hartu zenuen mugimendu haietan? Zer lortu nahi zenuen?
Bergararrek Euskal Herria, hots, nire herria, zein den konturatzen lagundu didate. Eta adierazpen askatasuna bermatuz, nire herria defendatzea eduki dut helburu. Herriaren eta, oro har, herrien askatasunean sinesten dut. Etxean ere errepublikaren aldekoak ziren, eta odolean daramat.

Eta bide horretatik, beti interesatu zaizkizu gizarte gaiak?
Beti. Gizarte gaiak jorratu diren bakoitzean han egon naiz beti. Kooperatibak ere gogotik bultzatu ditut. Gaur egun kooperatiben alde gehiago egin behar dela uste dut. Sistema hori bultzatu behar da eta oraindik alor horretan egiteko asko dago.

Nahaspila horretan sartuta, zein izan da zure ihesbidea?
Artea. Gutxinaka hasi nintzen artean interesatzen eta asko gustatzen zait. Behin umea eduki nuenean, ez zidaten lanean jarraitzen utzi, orduan etxean lan egitera joan behar genuen emakumeok, derrigorrez. Orduan hasi nintzen artean sakontzen. Denetik pixka bat eginda, nire formakuntza betetzen saiatu naiz.

Eta gaur egun zer egiten duzu?
Niri arteak sormena lantzeko balio izan dit eta gainerakoei ere hori erakusten saiatzen naiz. Horregatik antolatzen ditut tailerrak eta bide horretatik jarraituko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak