Jaioberriek ere zeresan handia dute aurtengo jaietan

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 10a

Berrikuntzekin datoz aurtengo jaiak. Horien artean, jaioberriei ongietorria emateko ekitaldia dago. Joan den urteko jaietatik gaur arte jaio diren ume bergararrei zuzendutako ekimena da hori. Bihar, zapatua, batuko dira umeok eta ume horien gurasoak, 11:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Enara Minguez jarduneko zinegotziak jakinarazi digu jaietako batzordeak jasotako proposamena izan dela. Beste hainbat herritan egiten dela-eta, ideia Bergarara ekartzea proposatzen zen. Eta, bideragarria dela ikusita, esandako ekitaldia egitea erabaki dute.

Formatu txikiko zapia

Honakoa azaldu digu Minguezek: "Jaiotzen direnetik jaietan integratzea da asmoa, eta, horretarako, ekitaldi xumea egingo dugu. Jardun euskara elkarteak ateratzen duen Bergarako jaietako zapia umeei jartzean datza hori". Horren harira, gaineratu du formatu txikiko zapiak izango direla, eta ehuna ere ezberdina izango dela, helduena baino leunagoa. 

Jaioberri guztiak batzeko, Kultura zinegotziak azaldu digu Udalaren errolda kontsultatu, eta gurasoei gonbidapena bidali dietela, gutun bidez.

Ekitaldia irekia izango da, eta edozein joan ahal izango da: "Nahi duten gurasoak etorriko dira, umeekin; ez dakiguna da zenbat ume etorriko diren, ezta haien aitaita-amamak etorriko diren ere. Hasiera baten, ez dago inori itxita, baina jende larregi badator, zerbait pentsatu beharko dugu".

Esan bezala, aurten egingo da lehen aldiz Mendekosteei ongietorria emateko ekitaldia. Eta harrera ona badu, datozen urteotan ere egiten jarraitzeko asmoa dagoela azaldu du Minguezek. Dena dela, gogorarazi du bihar Udal berria osatuko dela, eta hura osatzen dutenek izango dutela azken hitza.

122 umetxo

Minguezek azaldu digu joan den urteko jaietatik aurtengo jaien hasierara jaiotako umeek parte hartuko dutela. Horren harira, gaineratu du 122 jaioberrien gurasoei bidali dietela ekitaldian parte hartzeko gonbita; hain justu ere, aurtengo apirilaren 12ra arte udal erroldan izena emanda zutenen jaioberrien kopurua da hori. Kopuru hori, dena dela, zertxobait igoko dela aurreikusi dute, eta hortik aurrera jaiotakoak ere gonbidatuta daudela nabarmendu nahi izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak