Dena prest Bitorianatxoren jaitsierarako: gaur 20:00etan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 10a

Gaur, egubakoitza, hasiko dira Mendekoste jaiak eta martitzenera bitartean askotariko ekitaldiak egongo dira. Batzuk urteroko hitzorduak izango dira, baina beste hainbat lehenengoz egingo dira. Pazko jaietako egitaraua hemen.

Iaz ekin zioten, esaterako, jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa herritar batek botatzeari, eta aurten ere halaxe izango da. Honorio Agirregabiriaren omenez egiten den San Antonioko txirrindulari lasterketak 75 urte beteko ditu aurten, eta, hori aintzat hartuta, Agirregabiria zenaren alaba Sorkundek jaurtiko du. Ohi bezala, 20:00etan izango da, Bitorianatxoren jaitsierarekin batera.

Ondoren, Udal Musika Bandak hartuko du protagonismoa. Jantzi berria estreinatuko dute bandako kideek egun horretan eta plazatik abiatuta egingo duten ohiko kalejiran erakutsiko dute herritarren aurrean.

Beltz kolorekoa da traje berria –orain artekoa urdina zen–, eta gaur egungo lineaduna. Enara Minguez Kultura zinegotziaren esanetan, orain artekoak 40 urtetik gora zituen, eta, oso erabilia egoteaz gain, zaharkitua ere bazegoen. Hori horrela, berriak egitea erabaki dute. Bandako emakumezkoei dagokienez, praka edo gonadun trajea egitea erabakitzeko bozketa egin zuten eta alde handiarekin gonaren alde egin dute. Hala, gonadun trajea izango dute aurrerantzean ere.

Jaietako zapia salgai

Azken urteetan egin duen moduan, Jardun elkarteak jaietako zapia kaleratu du. Gaur, egubakoitza, eta bihar, zapatua, jarriko dituzte salgai, San Martin plazan, 3 eurotan.

Bazkarirako txartelak

Herri bazkariari dagokionez, erabateko arrakasta izan du. Egun gutxitan saldu ziren salgai jarritako 700 txartelak eta atzo, eguena, beste 76 salgai jartzekoak ziren kultura etxean.
Bazkaria astelehenean izango da, San Martin plazan, baina, eguraldi txarra egiten badu, Labegaraietako kiroldegian egingo dute. Hara joateko autobus zerbitzua egongo da Oxirondo plazatik abiatuta.

25 bat goitibehera

Iaz hasitako goitibehera lehiaketa sendotu egingo da aurten. 25 bat goitibeherak hartuko dute parte: 7 herri mailako txapelketan arituko dira; gainerakoak Euskal Ligan lehiatuko dira.

Oharrak

Jai batzordeak dei egiten die koadrilei blusa edo kamisetekin kalera irteteko. Bestalde, 16 urtetik beherakoek debekatuta dute, errekortadore eskola ibiltarian izan ezik, gainerako zezen ikuskizunetan parte hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak