Sorkunde Agirregabiriak botako du Bergarako jaietako txupinazoa

Imanol Gallego 2011ko ekainaren 10a

Honorio Agirregabiria zenaren alabak, Sorkunde Agirregabiriak, botako du aurten Bergarako jaien hasierako txupinazioa. Honorio Agirregabiria ezagutu zutenek saltsero hitza behin eta berriro erabili dute. Gizon alaia eta San Antonio inguruko kontuetan asko inplikatzen zen horietakoa. Familiak ere iritzi bera dauka, eskuzabaltasuna parte-hartze ekintzen bidez adierazten zuen.

Sorkunde Agirregabiria lanpetuta harrapatu dugu. Toki-ona tabernan dihardu lanean eta aurtengo jaien inguruko zerbait entzuten duenean oso urduri jartzen da. Ez da harritzekoa, hark, Bitorianatxorekin batera, jaiei hasiera emango baitie. Oraindik sinetsi ezinik dabilen arren, harro sentitzen da egin dioten gonbitagatik.

Noiz jakin zenuen txupinazoa botako zenuela?
Ba... Maiatzaren hasieran edo... Ezingo nuke data zehatzik eman. Txirrindulari lasterketakoak etorri ziren, eta, proposamena bota ostean, detaileak kontatzera etorriko zirela agindu zidaten, baina ez dira etorri. Eta halako baten, zuek deitu duzue.

Txupinazoa botako zenuela entzunda, zer sentitu zenuen?
Hasiera baten, ezezkoa esateko tentaldia izan nuen, baina lasterketa eta gure aita aipatzean poztasun handia sentitu nuen. Aitari egiten dioten omenaldi gisa ulertzen dut hau eta ziur nago harentzako ohore handia izango zela. Hark herriarentzat gauza asko egin zituen eta txupinazoa bezalako errekonozimenduek asko poztuko lukete.

Ez naiz inoiz Bergarako txupinazoan egon, baina diskurtso edo hitzik esan behar duzu?
Jo, a ze galdera! Ba ez dakit. Egia esan, egun horietan, tabernan lan asko izaten dugu eta ez naiz inoiz txupinazoan egon, baina ez didate diskurtso konturik aipatu; hortaz... 

Txupinazoa jaurtitzen duzunez, aitzakia ona izango duzu festetan gehiago egoteko?
Ez da gauza erraza izango. Lanak ez dit denbora luzerik uzten, baina saiatu naiz. Aurtengoa, zuk esan bezala, zita berezia denez, ahalegin berezia egingo dut.

Zita berezia eta urteurren borobila, ezta?
Ba bai; duela 75 urte hasi ziren San Antonioko txirrindulari lasterketa antolatzen, eta tartean aita zegoen. Txupinazo honetan haren lana omenduko dugu.

Orokorrean herriko festek krisialdia igaro ostean, berriz berpiztu dira.
Garai baten, jendea gehiago inplikatzen zen, baina gaur egun gazteak hasi dira herriko festetan inplikatzen. Herritarrak beharrezkoak gara herriko festak behar bezala ospatzeko. Lehen esan dudan moduan, lanean egon arren, ahal dudan heinean parte hartuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak