Candy inguruak urbanizatzen hasi dira

Imanol Gallego 2011ko ekainaren 10a

Candy lantegiaren ondoan dagoen zelaiaren urbanizazio publikoaren zati bat egiten hasi dira. Horretarako, duela egun batzuk, zelaiaren azpian dagoen biribilgunean hodiak bideratzeko lanei ekin zieten. Gaur egun, gas, ur eta ur zikinen hodiak eta telekomunikazio sarea puntu horretan amaitzen dira. Horregatik, inguru horretan egingo den eskola eta auzoari begira, hodiak goiko kanparaino igotzeko lanei ekin die Eusko Jaurlaritzak.

Hasi berri dituzten lanak LKS enpresari dagozkio eta bertako arduradun Arkaitz Aranak esan digunez, "urbanizazio lan partziala" egiten ari dira. Arduradunak adierazi digunez, lehen lan honetan, ur hodiak, ur zikinak batzekoak, gasa eta telekomunikazio sareak igoko dituzte.

Lanak amaitzeko ez dago data zehatzik, baina LKStik diote urri erdialderako amaitu nahi dituztela: "Lanak horrela jarraituz gero, urri erdirako amaituko digutu, baina bi aste atzeratzea ere ez da arraroa izango".
 
Urbanizazio partziala

Gauzak horrela, urbanizazio sare guztia igo arren, ez da lursail osoarentzako izango, orain egiten ari diren lanak Migel Altuna institutu berriari zerbitzua emateko soilik izango dira. Lanen arduradunek diotenez, ez da lursail osoa urbanizatuko, oraindik bertan egingo diren eraikin guztiak zehaztu gabe daude-eta. Eusko Jaurlaritzak ez du bertan egin nahi dituen lanak egiteko eperik jarri, baina LKSk ez du lursail osoa urbanizatuko.  

Hala, aurrerago bertan eraikitzekoak diren eraikinak defitu ostean, errazago urbanizatuko dute ingurua. Horretarako, baina, ez dago data jakinik, insitutu berriaren proiektua bukatu gabe dago-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak