Balorazio onarekin itxi du Jardunek ikasturtea

Asier Alkorta 2011ko ekainaren 6a

Jardun euskara elkartearen ikasturte amaierako jaialdia egin zuten egubakoitzean Bergarako San Martin plazan. Bertan, elkartekoek antolatzen dituzten ikastaro eta eskoletan parte hartu duten neska-mutikoek ikasturtean zehar ikasitakoak erakusteko aukera izan zuten.

Argazkiak hemen.

50 ume inguru igo ziren taula gainera, eta ikusle dezente erakarri zituzten. Hala, ordubete inguru iraun zuen ekitaldian zehar, ikasleek era askotariko ikuskizunak eskaini zituzten. Bertso eskolakoek bertsoak abestu zituzten, eta trikiti eskolakoek, euren aldetik, hainbat pieza jo zituzten txandaka. Dantzariek ere izan zuten euren txokoa egubakoitzean: lehenengo txikienak irten ziren, gero nagusienak, eta bukatzeko, denek batera ikurrin dantza dantzatu zuten. Giro polita jarri zuten denek ere plazan.
Gauean, Ain_1

Arratsaldean neska-mutikoen txanda izan bazen, gauean Ain_1 taldea izan zen agertokira igo zena. Arrasateko taldeak, hain berezi egiten duen poesiez, dantzez eta musikaz osatutako emanaldia eskaini zuen, eta arrakastatsu ibili ziren. Horren adibide da plazatik igarotzen zirenen arreta piztea lortu zutela, eta azkenean, plaza bera jendez bete zela. Ikasturte amaierako jaialdia izanda, balorazioen txanda ere izan zen. Jarduneko kultura koordinatzaile Maitane Arizabaletaren esanetan, balorazio oso positiboa egiten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak