Aurtengoa urte oparoa izan da Atzegirentzat, aurreko urtean pausoz pauso programa abian jarri zutenetik Gipuzkoa osoan adimen urritasuna duten 50 pertsona lan munduan integratzea lortu dute. Gure inguruan adibidez, Arrasate eta Bergarako udaletan edota inguruko zenbait zaharren egoitzatan egin dute. Hau, baina, bidearen hasiera besterik ez dela diote Atzegikoek eta horregatik hurrengo astean, aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkeztuko dute Donostian.
Asanbladaren ostean jai giroa
Zapatuan Bergaran sekulako jai-giroa zegoen eta Atzegikoak ez ziren atzean geratu. Behin asanblada amaitu ostean, herriko giroan murgildu ziren. Bergarako kaleetatik bueltatxo bat eman ostean, Munibe plazan elkartu ziren bertan bazkaltzeko.
Irribarrea eta jai giroa erraz antzematen zen. Karpara sartu bezain pronto, eseri eta bazkaltzen hasi ziren guztiak. Ondoren, akordeoi musikak alaituta, down sindromedunek opari bana jaso zuten. Argi dago, Atzegikoentzat ez dagoela festa hondatuko duen urritasunik.