Aralar: "Administrazio publikoak euskalduntzeko tresna ezin hobea da Uema"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 3a

Aralar Bergarako Uema Egunean izango da, administrazio publikoak euskalduntzeko tresna ezin hobea dela uste duelako. Hala adierazi du alderdiak hedabideetara igorritako oharrean.

Aralarrek gogoratu duenez, bihar Bergaran egingo den Uema Egunean ongietorria emango zaio Debako udalerriari.

Gainera, "Aralarrek egindako ekimenaren ondorioz" erabaki zuen Debako Udalak Udalerri Eskaldunen Mankomunitatean sartzea, oharrean jasotzen denez. Debako Aralarreko ordezkariak, Oxel Erostarbe Gipuzkoako Aralarreko koordinatzailea eta Juanje Amasorrain eta Justina Elexpuru Bergarako Aralarren zinegotziek parte hartuko dute biharko ekitaldian.

Ezinbesteko urratsa

Aralarren ustez, euskararen normalizazioan administrazio publikoaren euskalduntzea "ezinbesteko urratsa" da. "Euskarak arnasguneak izan behar ditu" dio, eta Uemaren barruan dauden udalerriek horretarako "aukera eskaintzen dute". Azken 30 urteotan "aurrerapausoak" eman badira ere, Aralarren ustez "administrazioak ez du behar bezainbesteko ahaleginik egin".

Era berean, udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazio publikoak izaki, eta administrazioen euskalduntzean "ahaleginik handienak egin dutenak" izan direla aitortuta, elkarren esperientzia eta ezagutzea partekatzea, eta euskararen normalizaziorako udaleko "planak garatzeko eta bultzatzeko tresna ezin hobea" dela Uema uste du Aralarrek. "Euskarak ereduak behar ditu" dio. Eta administrazio publikoan, "hizkuntzaren erabilera bermatzen dute Uemako udalerriek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak