Lantaldea asteon hasi da lanean. Udal ordezkariez gain, Olaso Dorrea Fundazioko ordezkariak eta herritarrak ere badaude antolakuntza taldean. "Hilaren 21ean eskaera formala egitera joan ginen, bai ahoz eta baita idatziz ere egin genuen eskaera", azaldu du Maite Guridi zinegotziak. Lantaldearen lehenengo lana pastorala egiteko beharrezkoak diren bitarteko teknikoak zehaztea izango da. Horren arabera egingo dituzte gainerako lanak.
Seminarioa, aukera ona
Pastorala non egin aztertzerakoan lantaldeak uste du Seminarioa leku egokia izan daitekeela. "Esan digute agertokiak altueran egon behar duela eta 12x10 metrokoa izan behar duela", adierazi dute. Seminarioan egiteak eguraldiaren menpe egon beharko dutela esan nahi du; horregatik, euria eginez gero Labegaraieta izan daiteke irtenbide egokia.
Zuberoan egiten dituzten pastoraletan jendetza handia batzen da, 4.000 lagun inguru. Hala, Bergararako ere aurreikuspen handia egin dute. Espero dute 2.500 edo 3.000 lagun etorriko direla. "Alde batetik, Hegoaldean eskaintzeak jendea erakartzen du; eta, bestetik, Monzon pertsonaia ezaguna da, oinarri politikoa ere badago...", azaldu du Maite Guridik.
Ardiak eta astoa
Larraineko lagunek eskatu dute artalde bat eta asto bat beharko dituztela emanaldirako. Bestalde, egin beharko diren lanen artean dago emanaldian banatuko dituzten liburuxkak. "1.000 liburu inguru aterako dira", diote. Pastorala zuberotarrez izaten da; hala, liburuxken bitartez "ulergarriagoa" egiten da emanaldia.
Bergarako saioa irailean izango den arren, Larrainen abuztu hasieran estreinatuko dute pastorala. Hain zuzen, abuztuaren 7an –domeka– eta 13an –zapatua– egingo dituzte emanaldiak. Bergaratik hainbat lagun joango dira Larrainera Monzoni buruzko emanaldia ikustera.
Bestalde, ekitaldiaren berri emateko eta informazioa zabaltzeko prentsaurrekoa egingo dute. Bergarako alkatea, Larraineko ordezkariak eta Jean Bordaxar idazlea izango dira prentsaurrekoan. Eguna zehaztu barik dute, baina prentsaurreko bat Baionan izango da eta beste bat Donostiako Koldo Mitxelenan.
Arrasaten, 1991n
Maiatzaren 21ean Larrainen entsegua ikusten egon zirenak txundituta geratu dira zuberotarren ahotsekin. "Izugarri ahots politak dituzte, txundituta geratu gara... batez ere Telesfororen papera egiten duenarekin", esan zuen Anaje Narbaiza antolakuntza ataldekoak.
Zuberoan errotuta dagoen herri-antzerkia ikusteko aukera paregabea izango da, hortaz, irailean gurean. Baina ez pentsa gurean pastorala egiten den lehenengo aldia izango denik. 1991n Muskildi herriak Harizpe pastorala egin zuen. Orduan, Arrasaten izan ziren emanaldia eskaintzen. Harizpe pastorala Pier Paul Berzaitz-ek (Muskildi, 1952) idatzi zuen.