Jon Bollar: "Euskararen Legea onartu zela 30 urte dira eta mediku euskaldunak eskatzen ari gara oraindik"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 4a

Uema eguna ospatuko dute Bergaran zapatuan udalerri euskaldunek, sortu eta 20 urte betetzen diren honetan. Jon Bollar lehendakariak eman dizkigu mankomunitate horren eta zapatuko egunaren berri.

Uemak, Euskal Herriko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, 20 urte betetzen ditu aurten. Zorionak, lehenik eta behin.
Eskerrik asko. Hil honetan bete ditu 20 urte. Euskararen normalizazioaren alde lanean hasi ginenean 20 udalerri ginen Ueman eta gaur egun 60 gara; hortaz, osasuntsu beteko dugu urteurrena.

Ze prestatu duzue zapatuan Bergaran ospatuko den Uema egunerako?
Batzar nagusia egingo dugu. Eta hainbat ekitaldi antolatu ditugu. Esaterako, hitz gurutzatuen lehiaketa lehenengo aldiz. Umeendako jolasak eta tailerrak ere izango dira. Eta bazkaria, erromeria, musika kontzertuak…

Zein da zapatuan Bergaran egingo den Uema egunaren helburua?
20 urte betetzen ditugula-eta, hausnarketarako hartu dugu urte hau. Egindakoak aztertu eta aitortu; eta ondoren, eztabaidatu etorkizuna zelan aurreikusten dugun, ze helburu jartzen dizkiogun geure buruari… Orain dela 20 urteko Euskal Herria eta gaur egungoa ez da iguala. Eta ondorio batera heldu gara hausnartze prozesu honetan: arnasguneak aldarrikatu gura ditugu. Udalerri euskaldunei edo euskaldun kopuru handia dutenei deitzen diegu arnasguneak. Zergatik? Bada, pertsona batek bizi izateko, arnas hartzeko, behar duen moduan ingurune konkretu bat, euskaraz bizi izateko ere arnasgune horiek behar ditugulako euskaraz normal bizi izateko. Esaterako, ni banoa Bergarara edo Leitzara, arazo barik bizi ahal izango naiz euskaraz. Baina hori ez zait gertatuko, esaterako, Donostian. Arnasgune horiek zenbat eta gehiago izan eta zenbat eta harreman handiagoa izan batak bestearekin, azkarrago lortuko dugu benetako normalizazioa.

Lurralde guztietan daude udalerri euskaldunak?
Egon izan dira, baina egun, Hego Euskal Herrian bakarrik daude. Gehienak Gipuzkoan. Bizkaian ere bai; Araban, bakarra (Aramaio)…; gehiago ezin dira egon egoera sozio-linguistikoarengatik. Nafarroan ere, egon ahal diren gehienak daude. Faltan sumatzen ditugu Iparraldeko herriak. Agintaldi honetan berriro ere erakarri gura ditugu Iparraldeko udalerri euskaldunak Uemara.

Gure eskualdean lau dira, ezta?
Bai. Aramaio betitik egin da; Antzuola ere aspalditik. Eta agintaldi honetan, batu dira Bergara eta Elgeta. Eskualde honetan aukera dute Oñatik eta Leintz Gatzagak ere, baina ez dira kide. Agintaldi berriarekin batera, gurako genuke horiek ere Uemara ekarri.

Zein da Ueman sartuta dagoen udalerri handiena?
Biztanle kopuruari begira, Bergara eta Azpeitia. 1.000 biztanletik beherako herri asko izan ditugu, baina azkenaldian ikusi dugu herri handiagoak ere etorri direla. Gaur egun, 115.000 herritar inguru batzen gara Ueman. Udalerri euskaldunetan, ordea, 280.000 biztanle inguru daude. Eta gure erronka da agintaldi honetan bikoiztea Uemako kide diren herritar kopurua.

Zein da baldintza Uemako kide izateko?
Bi dira: bat, udalerri horretan, biztanleen %70etik gora euskalduna izatea. Gure helburua da udalerri horietan euskaraz funtzionatzea. Beste baldintza: borondate politikoa izatea euskaraz funtzionatzeko.

Zer eskatzen zaie udalerri horiei, ze erantzukizun hartzen dute Uemako kide izatearren?
Lehenbizi, herritarrei ezer eskatu aurretik, udal barruko egoera zein den aztertzen da. Eta horren arabera planifikazioa egiten da. Urte gutxiren epean, euskaraz bakarrik funtzionatzeko edo bide horretan jartzeko. Orain arte ez dugu herritarren artetik arazorik izan.

Badira, ordea, Uemako kide izateko baldintzak bete arren bertako kide ez diren udalak ere, ezta? Zein da arrazoia?
Kontzientziazio falta, akaso. Udalerri askok uste dute euskaldunak izanik hala jarraituko dutela aurrerantzean ere, baina guk esaten diegu euskaldunak izan arren geroago eta erdaldunagoak izan daitezkeela neurririk hartu ezean. Uemako udalerri txikienak nahiko ahulak dira zentzu batean: txikiak izanik, migrazio handi baten aurrean, etxeak-eta egin direlako, esaterako, zaurgarriak gerta daitezke eta, egun batetik bestera, udalerria erdaldun daiteke asko.

Zein da Uemaren helburu edo izateko nagusia?
Herriak euskalduntzea eta egunero euskaraz funtzionatzea. Esaterako, har dezagun Madrilgo udalerri bat: Pinto. Hark gaztelaniaz normal funtzionatzen duen neurrian, hemen, Bergaran, esaterako, euskaraz normal funtzionatzea. Borondate politikoa dagoelako, baina baita legearen aldetiko babesa dugulako. Gustatuko litzaiguke egunen batean Euskal Herriko udalerri guztiek %70etik gorako euskaldunak edukitzea.

Hainbat lan arlo edo esparru ditu Uemak, ezta?
Arlo politikoan ahalegintzen gara gainerako erakundeetan eragiten, hizkuntza politika egokia erabil dezaten. Salatu beharrekoa salatzeaz gain, laguntasuna eskainita. Bestalde, arlo teknikoan  egitasmo ezberdinak ditugu, hainbat esparrutan.

Euskal Herrira etorri berriak direnekin lan egiten duzue.
Bai; udalerri guztietan protokolo bat daukagu, etorkin bat erroldatzera udalera datorrenean jarraitu beharrekoak zehazten dituena. Etorkinei eskuorri bat ematen diegu euskaraz eta haien jatorrizko hizkuntzan dagoena eta, bestalde, hainbat informazio eskaintzen diegu, premiazko zerbitzuena. Bestalde, bizpahiru udalerritan Auzoko izeneko egitasmoa dugu etorkinak bertan integratzen laguntzeko.

Uemaren eginkizunetako bat da herriz gaindiko administrazioetan euskara bultzatzea. Ze emaitza lortu dira horretan?
Nota txarrak jarriko nizkieke Osakidetzari eta justizia administrazioari. Izan ere, Euskararen Legea onartu zela 30 urte bete dira, eta mediku euskaldunak eskatzen ari gara. Tragikoa da. Justizian ere hainbat traba ditugu. Umeak euskaraz erregistratzeko arazoak daude.

Ze zailtasun ditu Uemak bere lan jarduna burutzeko?
Gainerako erakundeekin, goiko erakundeekin, harremanak ez dira samurrak. Utzikeria nabaritzen dugu erakunde horietan. Gaur egungo legea oztopo da, ze ez baitu baimentzen euskara hutsean bizi izatea gaur eta hemen.

Uemaren aldarrikapen nagusia?
Udalerri euskaldunak babesteko lege babesa behar dugu, egiten ditugun funtzio guztiak euskaraz izan daitezen. Hizkuntza bat ahul dagoenean, bere habitata edo esparru sozio-lingusitikoa babestu behar da. Eta hori egiten da funtzioak euskara hutsean emanda. Horretarako, legez babestu behar da. Borondate politikoa ez da nahikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak