Eneko Lizarralde eta Mikel Aristi Euskal Herriko erlojupeko txapelketan izango dira gaur

Xabier Urtzelai 2011ko ekainaren 2a

Bergaran amateur mailako puntako bi lasterketa egingo dituzte asteburuan: Euskal Herriko erlojupeko txapelketa gaur, zapatua, eta errepidekoa domekan (Pentekostes saria). Zapatuko lasterketan ze gipuzkoar egongo zen erabakitzeko Gipuzkoako erlojupekoa egin zuten eguaztenean, Aizarnazabalen, eta ibarrekoek ez zuten lortu lehenengo lau onenen artean egotea. Baina, federazioarekin berba eginda logikoa zirudiena lortu dute, etxeko ziklistek etxean korritu ahal izatea.

Zapatuan gazte eta amateur mailan Euskal Herriko txirrindulari onenak batuko dira Bergaran. Zapatuko lasterketan ze gipuzkoar egongo zen erabakitzeko Gipuzkoako erlojupekoa egin zuten atzo Aizarnazabalen, eta gazte mailan lasterketan egon ziren Lokatza-Sumoficeko Eneko Lizarralde, Mikel Aristi eta Hodei Orobengoa; eta, baita Mugarri-Jay taldeko Iker Eskibel ere.

15 kilometroko ibilbidean erlojupeko gogorra izan zuten, eta Aizarnazabaleko herri barruko malda gogorrak hankak leherrarazi zizkien. Lau ordezkarietako inork ez zuen lortu lehen lau sailkatuen artean egotea, baina orain aurrean ibili ziren Mikel Aristik eta Eneko LIzarraldek federazioaren gonbidapena jaso dute.

Jon Rivero bergararra (Debabarrena) amateur mailakoekin lehiatu zen, eta hark ere ez zuen etxean korritzeko behar zuen postu ona lasterketarako.  

Zapatuan, 09:00etan hasita
Zapatuko lasterketarako antolatzaileek erlojupekoa egiteko trazatu aproposa prestatu dute. Zirkuitua Bergarako hegoaldean jarri dute, Labegaraietako zuzengunea, Ibargarai, Urteaga, Antzuolarako saihesbidea GI-632 eta Bergarako saihesbidea GI-627 aprobetxatuta. 09:00etan hasiko dute lasterketa, eta gazte (zirkuituari bi itzuli, 15 km), 23 urtez azpiko (3 itzuli, 26,7km) eta elitekoek (3 itzuli) hartuko dute parte.

Astelehenean, Harmailatik saioan Euskadiko Txapelketako irudiak eskainiko dizkizuegu, baina Gipuzkoako Txapelketak eman zuena ere errepasatuko dugu, protagonisten adierazpenekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak