Goi mailako sukaldaritza, merke-merke

Arritxu Barruso 2011ko ekainaren 3a

Aitor Etxeberria bergararrak 1992an bukatu zituen Ostalaritza ikasketak Gasteizen. Ordutik hona, munduko hainbat hiriburutan eta jatetxetan ibili da lanean, baina azken bost urteetan Langarikako (Araba) lasaitasunaz inguratuta bizi da.

Hango Laua jantokian egiten du lan; ez da ohiko jatetxea, Etxeberriaren eta beste bi sukaldariren laborategia edo esperimentu-gela dela esan daiteke: "Gamarrako Ostalaritza Eskolako irakaslea naiz, eta baita Santi Ramirez ere. Hark ireki zuen jatetxea anaiarekin batera –Jose Ramirez– eta nik ere hementxe egiten dut lan. Eskolan probatu eta esperimentatu ezin ditugun gauzak hementxe probatzen ditugu, eta bezeroei eskaini. Ikasten eta berritzen jarraitzeko modu bat da. Guri, sukaldean ibili eta janaria prestatzea gustatzen zaigu, eta horixe da hemen egiten duguna. Goi mailako sukaldaritza da, baina merke", kontatu digu bergararrak.

Goi mailako sukaldaritza
Etxeberriak azaldu digu orain, esaterako, ostra zaporedun hosto batzuk ekarri dituztela eta horiekin probak egiten ari direla. Horrez gain, teknologia berrienak ere erabiltzen dituzte: "Izotz lehorra egiteko makina bat daukagu; horrez gain, kopak ere izozten ditugu. Horrela, gintonic bat ateratzen dugunean, esaterako, izotza ez da urtzen eta ur gutxiagorekin irauten du denbora luzeagoa".
Laua jantokiak ia sei urte daramatza zabalik eta arduradunak oso pozik daude izan duten erantzunarekin; bezero bergararrak ere bisitan joaten zaizkiola kontatu digu.

Dastatze menua eskaintzen dute 50 euroren truke. Jantokia txikia dela-eta –30 pertsonarentzat du lekua–, aurrez erreserba egiteko aholkatu digu Etxeberriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak