Ia demokraziarekin batera iritsi zinen zu Udalera, ezta?
Ba, bai. Hainbat aldaketa izan ziren urte hartan eta aldaketa haiekin batera ni sartu nintzen. 1980ko abuztua zen eta Larragaña hil ostean sartu nintzen ni lehenengoz Udalera, zinegotzi.
Zelako egoera aurkitu zenuen?
Erronka handia izan zen hura. Guztia egiteko zegoen. Guk herri inkesta egin genuen eta galdeketa haren emaitzei begira ekin genion lanari. Herriak zein behar zituen jakiteak izugarri erraztu zigun lana. Hala ere, ez zen erronka erraza izan.
Ordura arte alkateek ez zuten erabakitzeko tarte handirik izango, ezta?
Ez tarte, ezta dirurik ere. Diputazioak eratu arte herriek oso diru gutxi jasotzen zuten eta udalak ez zeuden herritarren esku.
Kultura eta Kirol zinegotzia izandakoa zara. Bi arlo horietan egiteko lan asko zegoen.
Udalera iritsi nintzenean, Bergarak frontoi pare bat eta igerilekuak besterik ez zuen. Labegaraietako kiroldegia egin genuen, eta ez zen lan erraza izan, lurrak Cerrajera lantegiarenak ziren, Udalak erosi egin behar zituen eta gero kiroldegia eraiki; ez zen egun batetik bestera egiteko moduko lana.
Egindako proiektuez hitz egin dugu, baina zein proiektu geratu zaizu hor nonbait galduta?
Ez guri bakarrik, udalbatza gehienek hilerri berria eraikitzeko nolabaiteko tramiteak egin dituzte, baina, oraingoz, paperean geratu da dena. Nik dakidala, hiruzpalau proiektu egon dira, baina arrazoi bategatik edo besteagatik ezin izan dira aurrera atera. Dena den, esan dudan moduan, ia udalbatza gehienek arazo hori konpontzeko ahalegin bat edo beste egin dute.
Zure arlora bueltatuz. Bergara, kultura kontsumitzeaz gainera, kultura asko sortzen duen herria da. Zergatik ez da inoiz tamaina handiko antzokirik eraiki?
Bere garaian Diputazioak zenbait azpiegitura kultural egiteko diru partida bat atera zuen eta Bergarak diru horrekin antzoki bat egiteko asmoa azaldu zuen, baina ezin izan genuen. Partida bakoitzak plegu asko zituen, eta, Diputazioaren iritziz, biztanle kopuru minimo bat behar zen antzokia eraikitzeko. Azkenean, denok dakigun moduan, Arrasatek Amaia antzokia dauka eta Bergarak ez.
Aurrera ateratako zein ekintzarekin gelditzen zara?
Gogoan daukat lan handia izan genuela Errege Seminarioan zeuden animalia disekatu eta kimikako tresneria guztia bertatik atera eta behar bezala gordetzen. Guk hauts pila batzuen artetik zenbait pieza baliotsu berreskuratu genituen, eta hori oso garrantzitsua dela uste dut. Seminarioan zegoen patrimonioa berreskuratzea lan izugarria izan zen arren, Bergararen ondarea den heinean Udalak zaindu beharra zuen.
Etorkizuneko proiektu bat aipatu duzunez, galdera erraza datorkit burura: ze falta zaio XXI. mendeko Bergarari?
Gaur egun, industrialde indartsu bat falta du herriak. Gogoan daukat Udalean nengoela Eusko Jaurlaritzarekin San Juan inguruan industrialdea beste modu baten kudeatzeko tramiteak hasi genituela, baina Jaurlaritzan egondako gobernu aldaketak proiektu hura bertan behera utzi zuen.