Ibilgailuentzat herriko zirkulazioa aldatuko da asteburuan, ekintzak direla eta

Asier Alkorta 2011ko ekainaren 3a

Asteburuan herrian egingo diren ekintzak tarteko, herriko zirkulazioa aldatu egingo dela jakin eragin du Udalak. Zapatuan saihesbideak noranzko bakarra edukiko du, 13:30 arte eta autobus geltokiak ere aldatu egingo dira. Domekan Miguel Altuna intitututik lurazpiko aparkalekuraino ezingo da autorik aparkatu; 09:00etarako bide tartea libre egon beharko da. Denaren gainetik, zapatuan herri barruan autorik ez erabiltzeko eskaera egin du Udalak, "zailtasunak egongo direlako".

Zapatuan, Txirrindulari Norbanako Ordupeko Euskadiko Txapelketa dela eta, 09:00etatik 13:30ak arte zirkulazioan hainbat aldaketa egingo dira: saihesbideak zentzu bakarra edukiko du (Arrasateko noranzkoa) eta Antzuolatik datozen ibilgailuak Urteaga-San Antonio aldera sartuko dira eta handik saihesbidera sartuko dira.

Arrasatetik  datozen ibilgailuak, ostera, Antzuola aldera desbideratuko dira eta Goenbolutik herri barrura sartuko dira. Saihesbidetik herri barrura sartzeko sarrera bakarrak Zubiberri eta Ondartza izango dira.

Autobusei dagokienez, geltokia Ibargarai 52-54 aurreko aparkalekuan jarriko da. Bertan egongo dira zerbitzu guztiak, Eibarrera doazen autobusak izan ezik. Horiek Ibargarai 5-7 (BBVA parean) aurrean hartu beharko dira. Ozaetako geltokia zerbitzu barik geratuko da eta Mayc-eko biribilgunean geltoki bat egokituko da, Arrasatera joateko.

Domekan, txirrindularien Euskadiko Errepideko Txapelketa egingo da eta helmuga Ibargarai kalean kokatuko da. Ondorioz, kale hori, Miguel Altunatik lurazpiko aparkaleku publikorainoko tartea, autorik gabe egon beharko da 09:00etarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak