Hunkigarria izan zen atzo, astelehena, iluntzeko ohiko osoko bilkura. Agintaldiko azkena zen eta herritar ugari batu zen Udal gobernu taldeari agur esan eta eskerrak emateko.
Hain justu, esker hitzak izan ziren batez ere atzo iluntzean entzundakoak. Eta Iñigo Iñurrategi Aralarreko zinegotziak egin zituen lehenengoak, bertsotan, gainera. Iñurrategik esker hitzak izan zituen zinegotzi guztiendako.
Ondoren Agurne Barrusok hartu zuen hitza eta gainerako zinegotziei zuzendu zitzaien lehenengo: "Osoko bilkura hau osatzen dugun gehienok (13) hurrengo agintaldian ez gara hemen izango, arrazoi desberdinak tarteko. Batzuek zuek hala erabakita utziko duzue kargua, beste batzuek herritarrek horrela nahi izan dutelako eta Ezker Abertzaleko zinegotziok gaur egun oraindik ere eta batzuek ezkutatu nahi duzuen arren, herri honetan pertsona askoren eskubide zibil eta politikoak urratuta daudelako".
Ezker Abertzalea eta Aralar: elkarlanaren eredu
Agintaldiari errepasoa ere egin zion Barrusok eta 2008 urteko mozio etikoa eta "herriko sei lagun euren lan politiko hutsagatik kartzelaratu izana" gogora ekarri ostean, Ezker Abertzaleak eta Aralarrek "Bergararen onerako egindako Gobernu Ituna" aipatu zuen; "oraindik orain Euskal Herrian bi alderdiok adostasunik lortu ez dugun arren, herri mailan elkarlanerako eredu izan dena". Eta gehitu zuen: "Aberatsa izan da Aralarreko zinegotziekin bizi izan dugun elkarlana.Taldea osatu dugu bi alderdi desberdinetatik etorri arren. Elkarrekin hausnartu dugu, eztabaidatu dugu eta garrantzitsuena, elkarrekin eraiki dugu. Eskerrik asko, hau horrela izan dadin egin duzuen ahaleginagatik".
Horrez gain, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak lortutako akordio estrategikoa eta Bilduren sorrera bera ere aipatu zituen: Horiek eman digute aurrera pozez eta ilusioz begiratzeko indarra".
Herri mailan egondako harriak
Hauek aipatu zituen: "Permutaren inguruan oposizioko alderdi nagusiak, EAJk, erakutsi duen egoskorkeria; gobernuaren elkarlanerako eskaintzen aurrean erakutsitako ausardia falta; eta ezin ahaztu pasa berri den hauteskunde kanpainan gure gestioaren inguruan EAJk esandako gezur eta faltsukeriak".
Horrekin guztiarekin ere, Barrusok agintaldiko alderdi hauekin geratuko direla azpimarratu zuen: "Jose Luis etxera ekartzeko ia-ia hautetsi guztiak batu izana; herritarrek udal gestioan inplikatzeko izan duten jarrera ezin hobea; laguntza eta aholku-eske joan garenean herritarrengandik jaso dugun harrera; eta Plan Estrategikoa egiterakoan norbanakoek izan duten ardura eta inplikazioa".
Bihotzetik egindako hitzak
Lagun eta familiakoendako esker hitzak ere izan zituen alkateak eta horietxek izan ziren saioko unerik hunkigarrienak, malkoak ere eragin zituztenak.
Batetik, Jesus Mari Garitanorendako esker hitzak izan zituen: "Bihotz-bihotzez eta gogo biziz aipatu nahiko genuke Jesus Mari Garitano. Ondoan izan dugu agintaldi osoan eta baldintzarik gabe. Bere jubilazioak ondo bizitzeko ematen zion aukera baztertu eta zinegotzi talde berri honen alde bolkatu da oso-osorik; ohorezko zinegotzia izan da. Kargurik eta hautetsi aktarik gabe erantzukizun osoz jardun duena lau urte hauetan. Gari zu gabe ezingo genukeen egin eta posible izan bada, zati handi batean, zuregatik izan da. Milesker zaren modukoa zarelako".
Bestetik, familiakoak ere izan zituen gogoan : "Polita izan da gobernuko lana. Norberaren herriaren alde lan egin ahal izatea ederra da benetan. Guretzat polita izan bada ere, gogorra izan da gure etxekoentzat eta gure azken pleno honetan gogora ekarri nahi ditugu. Badakigu lau urte hauetan gure bikotekide izatea ez dela erraza izan. Ondoan izan zaituztegu eta hala sentitu zaituztegu. Eskerrik asko. Zuena ere bada meritua".
Pozik doazela esan zuen
Eta bukatzeko esan zuen: "Bueno, iritsi da bukaera. Aberatsa, gogorra, polita… izan da. Pozik goaz. Etxeko lanak eginda izatearen sentsazioarekin. Zorte on hurrengo agintaldian hemen jarraituko duzuen lau zinegotzioi. Batez ere Lauriri oposiziotik gobernurako urratsa emango duzulako. Eta zorte on zuen bizitzan ekainaren 11n etapa berri bat hasiko duzuenoi. Guk gure aldetik herrigintzan jarraituko dugu; ireki den eskenatokiak guztion ahalegina eta lana eskatzen du eta orain ez gara etxera joango".
Herritarren eskerrak jaso zituzten
Pleno aretoan batutako herritarrek txalo artean hartu zituzten jarduneko alkatearen hitzak eta lau urteotan egindako lan ona azpimarratu zuten. Batek zera esan zion Barrusori: "Seguruenik Agurne, eman den eskubide urraketa gertatu ez balitz zu izango zinatekeen berriz alkate. Eskerrik asko herriaren alde egindako lan guztiagatik. Eta ezker abertzaleko militante moduan esan nahi dut, ohore bat izan dela zuek sei zinegotziok hor egotea".