Saguzarra kartzelako patioan

Jon Berezibar 2011ko mai. 28a, 12:00

Geruzaz geruza, biolontxelo,  perkusio edota ahotsekin, soinu segiden kiribila sortuz, zuzenean eraikitzen ditu abestiak Mursegok, ondorio ia hipnotikoekin, sorginkeria moduko bat sorraraziz.  Berezia da haren musika eta berezia sortutako giroa. Maite Arroitajauregi, Mursego, eta Ain_1 taldea Bergarako txoko txukunenetako batez jabetu ziren egubakoitzean, Gaztetxeko patioaz, edertasun ilun eta eta arraroko opari berezia ekartzeko.

Biolontxeloarekin melodia lazgarriak zabal ditzake, ala hoditxo, txirula edota txaloekin  soinu-jolas komikoak osatu, Mursegok egiten duena kutxa baten sartu eta sailkatzea zaila da. Gazi eta gero gozo, garratz eta inoiz ezti, beste mundu bateko plaza bihurtu zuen eibartarrak kartzela zaharreko patioa, saguzarren gotorleku ilun bat, argia ere berezia, kandelek jaurtitako itzalak ere kantari bereziak asmatutako joko ilunean parte hartzeko gogoz baleude bezala. Giro bildu horretan atera zituen argitara Arroitajauregik bere bi diskoetako abesti bitxiak – Bat (2009) eta Bi (2010) autoekoiztuak eta Bidehutsek banatuak –, iniziatuentzat leize barruko harribitxi preziatuak direnak eta gainerakoentzat edertasun arraroko beste mundu bateko ipuin eder arrotzak, ziurrenik. Haren musika maita zenezake edo burua nahas diezazuke, ala biak aldi berean, baina zuzenean ikusi eta gero erakutsita geratzen da zergatik dabilen haren izena euskal musikazaleen artean belarriz belarri. Izena badu dagoeneko eta geroago eta interesgarriagoa da egiten duena, armonia eta instrumentazio landuagoekin. Gainetik belarririk ez kentzeko modukoa.


Ain_1ekoek – Bergaran estreinakoz, kideetako bat herriko alaba bada ere – Mursegok utzitako giro berezian kabi egin eta kolore beltz eta gorritan entzuleekin jolasean jarraitu zuten. Poesia, dantza eta pop abesti lasai eta leunak. Goxoa izan zen Arrasate, Bergara eta Gasteizko kideek osatzen duten neska taldearen ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak