Ez da ohikoa auzo lasterketa batek 75 urte betetzea.
Ez da ohikoa, ez, baina San Antonioko lasterketa izen handiko lasterketa da, profesionalen lasterketa ere izan da. Gogoan dut garai baten Barrutia, Ferraz, Morales, Loroño… etorri izan zirela. Nik korritu nuenean afizionatu mailakoa zen.
Zelan aldatu da txirrindularitza urte hauetan?
Asko aldatu da; batez ere elikadura eta prestaketa gaiak dira aldatu direnak. Gaur egun oso orientazio ona dute, guk ez genuena. Prestaketa norbanako bakoitzari zuzenduta dago, zenbat kilometro egin behar dituen neurtzen dute... Bizikleta ere aldatu da, baina aldaketa handiagoa egon da prestaketan.
Zuek nola zaintzen zenuten elikadura?
Koiperik ez hartzea kontrolatzen genuen. Gaur egun, esaterako, pasta asko jaten da eta okela gutxi. Gure garaian pasta gutxi jaten genuen, italiarrek-eta ekartzen zuten, baina, gainontzean, ez zen jaki ezaguna. Arroza, adibidez, gehiago jaten genuen. Goizetan jaten genuen arroza.
Bizikletak ere aldatu direla esan duzu. Zertan, adibidez?
Arinagoak dira oraingoak, bi kiloko aldea egongo da. Guk erabiltzen genituen bizikletak 9 kilo eta erditik gorakoak ziren eta gaur egun 7 kilo ingurukoak erabiltzen dituzte. Garai bateko bizikletek balaztak, eta aldaketak… dena eskulekuan dago orain, baina lehen koadroan zeuden eta eskuak askatu behar izaten genituen.
Nola hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Hasiera, jende guztia bezala, koadrilan irteten hasi nintzen. Lagun artean irteten ginen eta gustatu egin zitzaidan. Zumaiako Pulpon, Danenan Zizurkilen, Errenteriako Touring-en ibili nintzen. Gurelesan ere aritu nintzen eta soldadutzara joan nintzenean bazegoen kuartelean talde bat… gero, Espainiako selekzioarekin ibili nintzen Olinpiadetara joateko gertatzen. Azkenik, Baionan eta Fagorren ibili nintzen, azken horretan lau urtez profesional moduan. Amaitu, Frantzian amaitu nuen.
Olinpiadetarako entrenatzen ibili zinen, baina azkenean ez zinen joan.
Ez; Madrilen entrenatzen 14 lagun ibili ginen, baina 12 bakarrik joan ziren. Pena hartu nuen… baina egia da orain duten balioa ez zutela garai hartan Olinpiadek. Orian ikusten duten moduan ez nuen ikusten orduan, ez ginen konturatzen zer esan gura zuten. Deseatzen nengoen joateko, baina ekimenak ez zuen gaur egun duen publizitaterik.
Profesional eta afizionatuen artean jauzi handia zegoen?
Bai; lehen ere bazegoen, orain bezala. Gertatzen dena da gaur egun afizionatu eta profesionalen artean badagoela beste maila bat Tourrerako, eta tarteko lasterketak egiten dira. Hala, hobeto prestatzen dira profesionaletarako saltoa egiteko.
Gaur egun txirrindularitzak bizi duen egoeraz ze iritzi duzu?
Nik uste dut larregi sartzen dela. Gehiegi berba egiten da. Nik uste dut kontrolak ondo daudela, baina ez zaio eman behar horrenbesteko publizitaterik, ze modu horretan galdu egiten baita. Jendeak uste du txirrindulari gehienak dopatu egiten direla eta ez da egia. Bai, egongo dira, eta limitean ere ibiliko dira, ze medikuekin baitabiltza, eta medikuek badakite ze produktuk ematen duen positibo… baina beti daude deskuiduak… diru asko mugitzen da.
Jokatu zenituen lasterketetatik zein duzu gustukoen?
Euskal Herriko Itzulia gogoko nuen, eta lidergoa lortu nuen, gainera [1970]. Etapa amaiera Donostian izan zuen Espainiako Itzulia ere gogoan dut [1972].
Afizionatu mailan, 1962. urtean, San Antonioko lasterketa irabazi nuen.
Gaur egun teknologia erabiltzen da lasterketetan, hor dago entzungailua. Zer iritzi duzu?
Aurrerapen handia da txirrindulariendako eta zuzendariendako, baina ez, ordea, ikuskizunarendako. Ez balego, askatasun handiagoa egongo litzateke, eta ihesaldi gehiago.
Orain, entzungailuak kentzekotan daude. Nik egingo nukeena da entzungailua utzi, baina taldean 9 lasterkari izan beharrean 7 lasterkari izatera pasa. Hala, jende gutxiago egongo litzateke lasterketa kontrolatzeko, eta askatasun handiagoa.
Zuk Espainiako Itzulia jokatu zenuenean Euskal Herritik pasa zen. Orain, berriro itzuliko da. Zer deritzozu?
Bai; gure garaian Donostian amaitu zen lasterketa. Aurten hemendik pasako da, Gorlatik. Nik uste dut beti dela ona, hemen zaletasun handia dago-eta. Nik uste dut kirola gauza bata dela eta politika beste bat… joango naiz ikustera.
Zuen garaian zeintzuk ziren ziklista indartsuenak?
Gure garaian, Eddy Merckx zen onena, Gimondi, Ocaña, Poulidor ere onak ziren… Bai, bageneukan tratua Merckxekin; izan ere, oso gizon irekia zen.
Eta gaur egungo nortzuk dituzu gustuko?
Contador, Schleck anaiak, Cavendish… Schleck anaien aitarekin batera ibili nintzen Frantzian, Bic taldean.
Euskal Herrian zaletasun handia dago. Zergatik?
Beti egon da; esan daiteke gaur egun txikiagoa dela. Zerk sortzen duen hori? Ondoko herrian norbait ona irteten bada, zaletasuna sortzen du. Profesionaletara iristeko beharrezkoa da zaletasun handia izatea, bakarra esan daiteke.