Esklerosi anizkoitzaz informatuko dute Bergaran zapatuan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 27a

Maiatzaren 25ean Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Eguna izan zela-eta, hainbat ekimen antolatu ditu egunotan Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak. Bihar goizean, esaterako, Bergarako azokan izango dira gaixotasunaren gaineko azalpenak ematen eta sentsibilizatzen.

Sendagairik ez daukan gaixotasun neurologiko honen gainean informatu eta sentsibilizatzea du helburu biharko Bergarako ekimenak. Beste helburu garrantzitsu bat ere badu: diru-laguntzak batzea gaixotasuna dutenen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Bergaran bezala, Gipuzkoako beste hainbat herritan eta hiriburuan ere jarriko dituzte mahaiak kaleetan.

2007an inauguratu zen Donostian esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk tratatzeko zentroa. Zentro horretan errehabilitazioa egiten duten gaixoei laguntzea da ekimen hauen guztien helburuetako bat.

Esklerosi anizkoitzak, batik bat, gazteei eragiten die. Euskadin 2.000 lagunek baino gehiagok dute gaixotasun hau. Horietako 650 dira gipuzkoarrak. Gure bailaran ere badira batzuk. Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartean 400 bazkide daude.

Gaitz neurologikoen artean, ohikoena da gazte helduen artean. Ezezaguna da bere jatorria eta, horregatik, sendaezina da. Emakumezkoei eragiten die gehienbat. Ez da kutsakorra eta ez du heriotza eragiten. Era berean, ezgaitasun maila ezberdinak eragiten ditu. Honakoak dira sintoma ohikoenak: zentzumenaren, orekaren edo mintzairaren ondoeza; nekea, bertigoa, ikusmenaren gorabeherak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak