Martin Garitano: "Pastorrek Bizkaian egiten du politika; Gipuzkoan, Buenek, Egigurenek, Elortzak…"

Maider Arregi 2011ko maiatzaren 24a

Martin Garitano Bilduren ahaldun nagusigaia Goiena telebistan izan da, Magazinean. Gipuzkoako Diputazioari eta Donostiako Udalari eusteko eta erakundeotan gobernatzeko, alderdi politikoekin harremanak hasi dituztela esan du Garitano bergararrak elkarrizketa honetan.

Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak esandakoaren harira, hau da, Bildurekin batzartzeko borondaterik ez dutela, zera esan du: "Pastorrek Bizkaian egiten du politika; Gipuzkoan, Buenek, Egigurenek, Elortzak…". Eta gehitu du: "horiek dute arazo zehatza Gipuzkoan; Pastorrek Bizkaian izango du".

Domekako hauteskundeetan Bildu lehen indarra izan da, nabarmen, Gipuzkoan, eta baita hiriburuan ere, Donostiako alkatetzan 20 urte egon den Odon Elortzaren aurretik.

Erakundeen arteko trukean sartzeko prest dauden galdetzean argi eta garbi esan du ez direla joko horretan sartuko "ez gara horren aldekoak" esan du. Eta gehitu du ez diola ez Foru aldundia ez eta Donostiako Udala gidatzeari uko egiten. Bietan buru izan nahi dutela, alegia.

22- 14

Sozialistek eta jeltzaleek elkarrekin egin ditzaketen akordioen aurrean zera esan du: "Gipuzkoarron borondatea zein den argi geratu da. Beste norbaitek, partidua 22 eta 14 galdu ostean txapela jantzi nahi badu, berea da arazoa". Eta zera gehitu du jeltzaleei buruz: "EAJk hautesleei saldu dion mezua izan da sozialistak eta popularrak burdinazko paktua egina dutela jeltzaleak erakundeetatik botatzeko. Eta, azkeneko bi urteotan, Batu gaitezen erabili dute ahotan. Beraz, emaitzak ikusita, sozialistekin bat egiten badute, hitza jango dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak