Agurne Barruso: "Agintaldia emankorra izan da eta egindakoaz harro goaz"

Asier Alkorta 2011ko maiatzaren 19a

Bergarako Udalak 2007ko Udal hauteskundeetarako aurkeztutako programa "osotasunean" bete duela esan du legegintzaldiaren amaieran. Besteak beste, lau urte hauetan "herria berpizteko egindako ahalegina" eta Udalean "ezarritako demokrazia erreala" azpimarratu ditu Udalak.

Lau urtetan zehar betetako proiektu garrantzitsuenen artean, Udal arduradunek ondoko puntuak nabarmendu dituzte: Gizarte Zerbitzuen eskaintza zabaltzea, kutsadura mailaren beherakada, enplegua mantentzeko eta erakartzeko egindako egitasmoak, kirol arloko azpiegiturak hobetzea, turismoaren eta herriko ondarearen alorrean egindako lana, landa eremuen baldintzak hobetu izana, euskararen alorrean egindako lana eta kultur eskaintzaren zabalkundea.

Guzti horietaz gain, Udalak, gaur egun, inbertsioak egiteko duela lau urte baino gaitasun handiagoa duela esan dute. "Udalaren diru kontuak hobeak dira orain".

Udal zerbitzuak ere hobetu egin dituztela diote. Eta mugikortasunari dagokionez, "Bergara herri erosoagoa da oinez ibiltzeko", dio Agurne Barruso alkateak. Orokorrean, herria bizitzeko "atseginagoa" egin dutela esan dute.

Aparkalekuak eta balorazio orokorra

Aparkatzeko erraztasun handiagoa, gazteen aisialdirako eskaintza zabalagoa eta hezkuntza jasotzeko aukera hobetu ere egin dituztela esan dute lau urte hauetan agintean egon direnek.

Orokorrean, legegintzaldia "emankorra" izan dela diote eta egindakoaz "harro" doazela gaineratu dute. "Arlo guztietan egin da lan handia eta arlo guztietan gelditu da zeregina".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak