Egibar: "Botoa ez ematea, gutxien gustatzen zaigunaren alde egitea da"

Txomin Madina Milikua 2011ko maiatzaren 19a

Egungo ekonomiaren egoera eta domekan botoa ematera joataren garrantzia. Bi ardatz nagusi horiek izan zituen EAJk atzo Bergaran egindako ekitaldiak. Aintzane Oiarbide, Bergarako alkategai jeltzaleak eta Joseba Egibar, GBBko presidenteak hartu zuten hitza bertan.

Bergaran dagoen langabezia maila eta industriaren gainbehera. Horietxek dira, Aintzane Oiarbide Bergarako alkategai jeltzalearentzat momentu honetan dituzten kezka nagusiak, eta bere esanetan, herrian etorkizuna egon dadin, beharrezkoa da Bergara ezberdin bat.

Domekan botoa ematearen garrantzia azpimarratu zuen Oiarbidek, eta zentzu berean hitz egin zuen Joseba Egibarrek ere. Bere esanetan, botoa ez ematea, gutxien gustatzen zaigun alderdiaren alde egitea da eta kritikoak ere, botoa ematera animatu zituen.

"Jaurlaritza ez da ari maila ematen"

Egoera ekonomikoaz eta politikoaz ere egin zuen berba Egibarrek. Esan zuen izugarrizko  aurrerapausoa dela ez egotea indarkeria aurrean isilik egongo den alderdirik, eta krisiaren aurreran erakundeen papera ere azpimarratu zuen.

GBBko presidentearen hitzetan, erakundeek pultsua hartu behar diote egoerari, eta egun ez da horrela gertatzen ari. Horren adibide jarri zuen egun euskal ekonomia Europakoa baino hiru aldiz motelago ari dela hazten eta gaineratu zuen Jaurlaritza ez dela maila ematen ari. Esan zuen era berean, Bergara adibide hartuta, enplegua ez dela sortzen diru publikoarekin jendea kontratatuta, hazkunde ekonomiko orekatu eta naturalaren bidez baizik.

Egibarrek gaineratu zuen, EAJk eskaintzen duen proiektua, proiektu koherentea dela, eta hori erakusten duela orain arte izandako ibilbideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak