Ekainaren 15ean irekiko dituzte Agorrosingo kanpoko igerilekuak

Asier Alkorta 2011ko maiatzaren 18a

Uda garaia hasteko hilabete luze bat falta den arren, Agorrosinen uda kanpaina honetarako guztia prest izateko azken esprintean dabiltza. Dagoeneko ia guztia prest dago eta azken ukituek kiroldegia martxan jartzeko moduan utziko dute. Aurten kanpoko igerilekuak ekainaren 15etik irailaren 11ra arte zabalik egongo dira eta antolakuntzak aurreko urteetako zenbait hutsune edo akats konpontzen dihardu.

Lehen aldaketa nabarmena tabernan izango da: aurten, igerileku barruko eta kanpoko bezeroak bereiziko dituen itxitura sistema ipini dute. Gainera, aurreko urteetako zenbait bezerok eskatzen zuten moduan, liburutegiaren ordutegia 15:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. 

Igerilekuko berdeguneak

Hori izan da urteetan igerilekuaren inguruko kexa gehien jaso dituen dituen aspektua. Aurten esfortzu berezia egin da erabiltzaileek hobekuntza nabarmenak ikus ditzaten.

Udal lorezainen brigada berebiziko ahalegina egiten ari da. Dagoeneko belarra ereinda dago eta zelaiak zeukan drainatze sistema guztia berritu egin da. Unai Asurmendiren hitzetan: "Orain zelaiak ur gehiago onartuko du, eta, gure ustez, horrela, horiguneak saihestu egingo ditugu". Belarrak oso itxura ona du eta lorezainek lehen mozketa ere egin dute.

Hori ez da izan Agorrosinen aurten egin duten hobekuntza bakarra: iazko uda amaitu zenetik igerilekuan hainbat konponketa egiteko premiak ikusi dituzte. Lan horiek maiatzean egingo dira, eta, besteak beste, baldosak berritu eta igerileku eta elementuen garbiketa eta arazketa makinak abian ipiniko dituzte.

Udako ekintzak

Arlo horretan ere zenbait berrikuntza egon dira. Aurreko urteetako erabiltzaileei kasu eginez, udako kirol eskaintzan izena emateko epea aurreratu egin dute, eta, kontrakoa espero bazen ere, arrakasta nabarmena izan da.

Umeei dagokienez, eskuragarri zeuden 540 lekuetatik dagoeneko 313 umek eman dute izena. Arrakasta handien izan duten kirolak tenis, igeriketa eta multi izan dira. Dena den, oraindik izena emateko aukera dago, eta gogoan izan behar da gaztetxoez gainera helduek ere kirol aukera zabala dutela igerilekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak