Bergarak trikitixa eta pandero eskola bakarra izango du

Imanol Gallego 2011ko maiatzaren 17a

Urteetan Jardun eta Bergarako Musika Eskolak, bakoitzak bere trikitixa eta pandero eskola izan ostean, irailetik aurrera bateratu egingo dira. Udaletik bultzatutako ekimen honek, ikasleen erosotasuna eta klaseen kalitatea dauka helburu bezala.

Urtarrilean ekin zioten negoziazio bideari eta maiatzera arte iraun duen prozesu hau, "aberasgarritzat" jo dute Jardun eta Bergarako Musika Eskolak. Arlo akademikoa musika eskolaren gain geratuko da eta horrez gainera, guraso, udalak, Jardun eta Musika eskola berak batzorde bat eratuko dute herrian trikitixaren mugimendua bizirik jarraitzen duela bermatzeko. Hurrengo irailetik aurrera, trikitixa eta panderoa ikasi nahi duten ikasleek erreferente bakarra izango dute BME (Bergarako Musika Eskola).

Dagoeneko matrikula epea zabalik dago eta panderoak bere matrikularen prezioa mantenduko duen arren, trikitixaren kasuan ez da gauza bera gertatuko. Klaseak banakakoak izango direnez, hurrengo urtetik aldera bere matrikula garestitu egingo da.

Agurne Barruso alkatearen hitzetan, elkarlan hau "oso positiboa dela uste dugu eta lau urte hauen ostean, bereziki pozten nauen berri bat da". Udalak aparteko partidarik ez duen arren, bi eskola izatetik bat izatera pasa ostean sortuko den soberakinarekin proiektu eta ekintza berriak sortzeko aukera egongo dela gaineratu du alkateak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak