Iaz egindako lanen artean, eskoletako diagnostikoa egitea izan zen. Aurten ere zenbait neurketa egin dituzte, ezarritako neurriak betetzen diren frogatzeko. Orokorrean egoera hobetu egin den arren, ikasleek zenbat energia alferrik galtzen den ikusteko aukera izan dute, batzuetan zenbait eraikinetan argiak piztuta geratzen edota ordenagailuak ere erabili ondoren ez direla beti itzaltzen.
Hau guztia eta aurreko urteetako neurketez baliatuta ikastetxe guztietako bozeramaileek pleno aretoan, Bergara ekologikoago bat lortzeko proposamenak jakitera eman dizkiote Agurne Barruso alkateari.
Herri mailako diagnostikoa
Ikasleek auzoetako argiztapena behatzera atera dira, udalak, aurreko urtetik hona gauza batzuk hobetu dituelako. Zenbait puntutan argiztapen sistema hobetu egin den arren oraindik hobetzeko puntu batzuk geratzen dira.
Proposamenetan, kaleko argiteriaren inguruan eskaera ugari egin zituzten haurrek eta ikusitakoari kasu eginez antzemandako puntu desegokiak pixkana-pixkana egokitu ditu udalak. Hala ere, aurtengo diagnostikoan udalaren lan positiboak baloratzeaz gainera Barruso alkateak aurtengo neurketek agerian utzi dituzten zenbait punturi buruzko iradokizun eta eskaerak jaso ditu.
Eskaera eta erantzunak
Ikasleen iradokizun eta proiektuak entzun aurretik, alkateak, udalak auditoria bat egina zuela azaldu zien bertaratu zirenei. Alkateak esan zuenez, udalak lan handiak egin ditu ahalik eta energia gutxien galtzeko eta ildo horretan zenbait lan egin dituztela ere gainera zuen Agurne Barrusok.
Ostean, ikasleek zenbait iradokizun eta galdera helarazi zioten berari. Eguzki energiaren abantailen inguruan galdetu zioten alkateari eta bere erantzuna argia izan zen "herri barruko eraikinetan ezin dugu eguzki plakarik jarri, baina kiroldegietako teilatuetan jarri ditugu".
Kotxe elektrikoaren gaiaren inguruan Barrusok aurreratu zuen aztertzeko moduko gai bat zela eta udaltzainek honelako kotxe bati izatea ez dela fikzioa zerbait bidezkoa da-eta. Bidegorrien inguruan berriz, bere konpromisoa berretsi zuen, momentu honetan bi tramu berri egitekotan daudela argitu eta gero.