Datozen egunotan ibilbide osoaren beste bi zati esleitu ostean, hilabete honen bukaeran bi zati berri horien lanak zein enpresak egingo dituen aditzera ematea espero du Udalak. Bi ibilbideok egiteko, udalbatzak 159.602 euroko aurrekontua dauka, eta, herritarrei ahalik eta traba gutxien eragiteko asmoarekin, lanak uda garaian egiteko asmoa erakutsi du Udalak. Hala ere, oraindik goiz da data zehatzak emateko.
Lazpiur eta Gorostola baserria
Lehen zatiak 600 metroko luzera izango du eta antzinako trenbide sareak zeukan ibilbidea erabiliko du; horri esker, ez da lur mugimendurik egin beharko. Bidegorriak egungo oinezkoen ibilbidea errespetatuko du eta, ondoan, bi metro inguruko plataforma berri baten eraikiko da bidegorria.
Oinezkoen bidean lan garrantzitsurik egingo ez den arren, eremuaren argiztapena aldatu egin beharko da. Ondorioz, lanak egingo dituen enpresak beharrezko ikusten duen eremuetan, oinezkoen ibilbideak mozketa puntualak izango ditu.
Mayc eta Algodonerako tunela
Bigarren zatiak 216 metroko luzera izango du, baina bertan egin beharreko lanek zailtasun handiagoa daukate.
Batetik, zenbait tokitan lurra egokitu beharko delako; eta, bestetik, bidegorria egiteaz gainera, espaloiak egokitzapen lan berriak beharko dituelako. Zati hori egingo duen enpresak, bidegorriak eraikitzearekin batera, egungo espaloia handitu egin beharko du eta, horrez gainera, baldosa berriak jarri beharko zaizkio.
Udal teknikariek azaldu dutenez, bi lan horiek izango dira Udalak bidegorrien inguruan egingo dituen obra bakarrak.