Joan den urtean 4.000 kilo elikagai bildu zituzten Bergaran eta aurten, iazko marka bera lortzea espero dute. Bubisher elkarteko kide Bibi Anduezaren hitzetan, "ez da erraza izango, aurtengo karabanaren datak ezberdinak direlako". Aurreko urteetan elikagai bilketa Gabon garai inguruan egiten zen eta aurten, Marokorekin izandako tirabiren ostean, Fronte Polisarioak maiatzera pasa du karabana. Horregatik, aurten, Bubisher elkartekoek informazio kanpaina indartu dute.
Kanpalekuetako egoera
NBEko Elikagaien Mundu Programaren arabera, egoera oso larria da. Elikagai programako murrizte gogorrek errefuxiatuen osasunean eragin handia izan dute eta, batik bat, 5 urtetik azpiko haurren eta haurdun edo edoskitze aroan dauden andrezkoen egoera larriagoa da.
Janari bilketa maiatzaren 9tik 27ra izango da eta hiritar orori zuzenduta dagoen arren, herriko ikastetxeetan presentzia handia izango du. Dena den, herriko supermerkatu eta janari-denda guztietan janaria lagatzeko aukera dago. Janariaz gainera, dirulaguntzak emateko aukera ere badago Euskadiko Kutxako 3035 0009 13 0091113300 kontu korrontean.
Oporrak Bakean programa
Bubisher taldeak aurten ere abian jarri du Oporrak Bakean programa. Parte hartzeko deialdia zabalik dago, eta, argibideak behar izanez gero (617 26 04 11), telefono zenbakira jo.