Sozialistak, polularrak eta ezker abertzalea kritikatu ditu EAJk Bergarako mitinean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 16a

Bergaran egin zuen atzoko ekitaldi nagusia EAJk. Aintzane Oiarbide Bergarako alkategaiak, EAJko buruak izan zituen ondoan: Iñigo Urkullu Euskadi Buru Batzarreko presidentea eta Joseba Egibar, GBBkoa. Haiekin batera, Markel Olano eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru aldundiko hautagaia eta Batzar Nagusietarakoa, hurrenez hurren.

Sozialistak, popularrak eta Bildu koalizioa izan ziren jeltzaleen jomuga.

Urkulluk, PPk eta PSE-EEk foru aldundietan eta udal nagusietan egin dezaketen balizko akordioaz ohartarazi zuen, "Euskadiren diluzioa bilatzen duelako". Eta, hauteskundeetan, bi aukera zeudela esan zuen: PP eta PSE-EErena edo EAJ.

Markel Olanok ere sozialista eta popularrek egin dezaketen paktuez egin zuen berba. Eta esan zuen "bi muturren" artean,  hau da, ezker abertzalearen eta "PP-PSE-EEren artean", "erdiko bidea" zegoela: EAJrena.

Korapiloz betea

Egibarrek esan zien alderdikideei hurrengo maiatzaren 22a, hauteskunde eguna, "ospakizun eguna" izan behar dela eta ez "aieneka" aritzekoa. Eta, Bilduren gainean esan zuen, ari mataza (Bilduk darabilen irudia), benetan, "korapiloz betea" zegoela.

Bergara geldi

Aintzane Oiarbidek esan zuen duela lau urte "trikimailutan" aritu zirela ezker abertzalea eta sozialistak, EAE Udal hauteskundeetan presente egon zedin herri batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Eta esan zuen, harrezkero, "Bergara geldi" egon dela "ezker abertzaleak gobernatu duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak