Gaur eguerdian Bergaran batu dira Bilduren Gipuzkoako hautagaiak herrialdeko udalgintzaren garapenean etapa berria irekitzen ari direla iragartzeko. Etapa berri horretako protagonistak herriak izango direla esan du Martin Garitano Batzar Nagusietarako Bilduren zerrendaburuak.
Batzar Nagusietarako Bilduren zerrendaburuak gaineratu du administrazio lokalaren papera indartu egin behar dela, hori baita jendearekiko harreman zuzena bermatzen duen erakundea, Garitanoren esanetan.
Bildun argi dute Gipuzkoa indartzea bertako udalak indartzetik etorriko dela, Udalak direlako autonomiaren oinarria, euren esanetan. Gaineratu dute, argi dutela udalgintza positiboa ezarri behar dela udalen jarduera eraginkorra izan dadin. Horretarako eta gobernu on bat lortze aldera, gizarte parte-hartzaile bat behar dela azaldu dute.
Udalen Legea
Esan dute gaur egun dauden konpetentziak erabiliko dituztela udal konpetentzien sistema ireki eta malgua ezartzeko. Hala ere, lan egingo dutela udalendako konpetentzia eta finantziazio beharrezkoak ezarriko dituen Udalen Legea ahalik eta azkarren martxan jartzeko.