Mikel Garate: "Barruko pisua husteko, barruko sentimenduei abesten diet"

Maider Arregi 2011ko maiatzaren 9a

Mikel Garate bergararrak hamar urte pasatxo daramatza musika munduan. Harmonika eta gitarra lagun dituela, askori Bob Dylan gogora ekartzen digu Garatek. 'Kantuxumeak' lana, lagun eta musikari handien laguntzarekin egin du.
Txapa Irratian hasi eta Elosuko abadetxean amaitu dute grabazio lana.

Folk-rock eta country estiloetan sentitzen zara gusturen?
Bueno, naturalki irteten zaidan zerbait da. Ez noa estilo edo doinu baten atzetik. Azken emaitzarekin konturatzen zara zein estilotara gerturatu zaren. Baina nik ez dut estiloetan sinesten. Musikaren sailkapena sinplea da: gustukoa edo ez gustukoa.
Gerra, malkoak, ametsak… Zeri abesten diozu?
Guztiari abestu nahiko nioke, baina nik musika baltsamo moduan erabiltzen dut. Eta baltsamoak norbera gaizki dagoenean erabiltzen direnez, abesti gehienetan, samintzen nauten gauzei abesten diet. Barruko pisua husteko. Barruko sentimenduei abesten diet. Denontzat ezagunak diren gauzei: amodioa, bakardadea, gerra, ezina, lagunak, heriotza, maitasuna, min egin diguten horiei… Neure buruari egiten dizkiodan galderak ere kantuetan islatuta daude.
Bergarako Bob Dylan zarela dioenik ere bada.
[Barre] Bai... nahiko nuke musikaz bizi eta goizeko zortzietan lanera ez joan. Jendeak hori esango du taula gainean harmonika eta gitarrarekin ikusten nauelako, baina Bob Dylan handien artean handiena da.
Amodioa eta mina ardatz duten abestiak ere badira.
Bai, baina amodioa baino gehiago, desamodiozko kantuak direla iruditzen zait. Haiei nola aurre egiten diedan eta zer sentitzen dudan.
Disko honetan arima biluztu duzu.
Baliteke baietz. Azkenean, esaten dudan guztia pentsatzen edo sentitzen dudana da. Baina zerbait gordeta ere laga dut [Barre].  Diskoak itxura hori ematen badu, ni pozik!
Elosuko abadetxean egin duzue grabazioa: esperientzia polita?
Ordu askoko lana izan da, eta, momentu batzuetan gogorra izatera heldu bada ere, primerako esperientzia izan da. Txapa Irratiaren egoitzan hasi genuen Fernando Laskurainek eta biok grabazioa. Elosuko abadetxean  hasi eta bukatu dugu Laskurain eta Mikel Ilarduiarekin.
Musikari apartak izan dituzu lagun disko honetan.
Musikari bikainak eta lagun hobeak! Nik ez nuen sekula pentsatuko horrelako disko bat aterako nuenik. Haien laguntzarik gabe ezingo nukeen. Musikari moduan ezagutzen dituen orok daki fenomenoak direla: Aby-Kem, Mahaster River eta Cool Panic taldeetan ibiliak dira; produkzioaz eta teknikaz asko dakite.
Esku artean ze asmo?
Kontzertu batzuk emango ditugu diskoa aurkezteko: maiatzaren 13an, Orion, eta maiatzaren 21ean, Bergaran, izango naiz Mahaster Riverrekin batera. Bergarako jaietako domekan, berriz, Anarirekin izango gara, ekainaren 12an. Nire musika entzun nahi dutenek myspace kontuan dute entzuteko aukera: www.myspace.com/mikelgarate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak