Badira urte batzuk Bergarako Aranzadi ikastola, Errege Mintegiko zati batean ari dela irakaskuntzako bere jardueran. Orain, eta herriko eskola maparen egokitzapena dela eta, Aranzadi ikastolak bere jarduera guztia Errege Mintegiko eraikinean bilduko du.
UNED-Bergarak Ikastolari egingo dion lagapena zehazten duen dokumentua, gaur sinatu dute Bergarako Aranzadi ikastolan, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara foru diputatuak, Karmele Agirregabiria ikastolako lehendakariak eta UNED-Bergara Patronatuko ordezkariak. Bertan izan da Agurne Barruso Bergarako alkatea ere.
Akordioaren arabera, eraikin zatiaren lagapena, hasiera batean, mugagabea izango da eta ondasun higiezin osoaren jabetza eskubideak, UNED-Bergara Fundazioarenak izaten jarraitzen du.
Egokitzapenak
Aranzadi ikastolak bere aldetik, lan batzuk egin beharko ditu, bere jarduera modu egokian aurrera eraman ahal izateko: behe solairua eta goiko solairuak egokitu beharko ditu, instalazio orokorrak berritu, ikastolarako sarbideak birmoldatu eta kirolgune-pilotaleku bat ireki. Lan guzti horien aurrekontua gutxi gorabehera 1.400.000 eurokoa da.
Lan horiek egin ahal izateko, ordea, Aranzadi Ikastolak kreditu bat hitzartu behar du, eta kreditu horrek, azken berme gisa hipoteka bat eratzea eskatzen du, Patronatuko Batzordeak dagoeneko onartu duena.