Soslaia |
| Juanje Amasorrain ezaguna da herrian, argazkilaria da eta Irala kalean denda ireki berri du. 58 urte ditu eta bigarren aldiz dago ezkonduta, eta bere emazteak biloba bat dauka. Beti jardun izan du politikagintzan eta baita sindikalgintzan ere. Independiente moduan aurkeztu da Aralarren zerrendan eta lanerako prest dagoela dio. |
Aralar Udal Gobernuan egon da azken agintaldian. Ze balorazio egiten duzu egin duen lanaz?
Ni bertan izan ez naizen arren, balorazio positiboa egiten dugu lantaldean. Orain artean aritu direnak gustura aritu dira lanean. Zerbait azpimarratzen hasita, jendearen parte-hartzea azpimarratuko nuke. Udalak herritarrek parte-hartzeko ekimenak martxan jarri dituenean bergararrek politxo erantzun dute eta hori garbi ikusi da, adibidez, Plan Estrategikoaren prozesuan.
Zer aldatuko zenuke, zerbait aldatuko bazenu?
Hasteko esan beharra dago, agintaldi osoa kontuan hartuta, balantzea ona izan dela. Noski, bide luze horretan horren ondo egin ez denik ere geratu da. Zerbait aipatzekotan, adibidez, kale garbiketaren auzian egin genuen kudeaketa aldatuko genuke. Orduan hartu genuen erabakiaz ez gara damu, zerbitzua munizipalizatu behar zela garbi daukagulako, baina pentsatzen dugu ondoren hainbat erabaki ez genituela behar bezala hartu.
Ezker abertzale tradizionalarekin batera Udal Gobernua osatzea, formula egokia izan dela uste duzu?
Bai. Ezker Abertzale tradizionalaren eta Aralarren artean batzen gaituena urruntzen gaituena baino askoz gehiago da. Herrira begira ezkerreko udal programa bat garatzea zen gure helburua eta hori modu naturalean gertatu da gobernukideon artean. Beste leku batzuetan ez da hori posible izan, eta Bergaran bai, batez ere hasieratik pertsonen arteko konfiantza eta harreman ona egon delako.
Zer da Aralarrek Bergarari eskaintzen diona?
Ezkerretik jendearen parte-hartzea bultzatuko duen gertuko udal politika. Azken aldi honetan Euskal Herrian normalizazio politikorako hainbat urrats garrantzitsu eman dira eta horrek bere isla izan behar du Euskal Herriko txoko guztietan. Politikan azken urteetan oinarrizko baloreen galera handia egon da, harremanak txartuz, eta hori aldatu beharra dago. Ideia politikoen gainetik pertsonak gaude, eta elkarbizitzarako ezin bestekoa dugu elkarren diferentziak onartuta errespetuz defenditzea norberaren ideiak. Eta Bergarako Aralar, orain artean bezala, udalean bide horretan laguntzen saiatuko da.
Zeintzuk dira Bergararako landutako herri-programaren ardatz nagusiak?
Agintaldirako arloz arloko egitasmoak, bukatzen den agintaldi honetan herritarrekin batera garatutako Plan Estrategikoan oinarritzen dira. Gure helburu nagusia Plan Estrategiko hori ipar bezala hartuta beronen atal ezberdinen garapena bultzatzea izango da.
Gazteria: Gazteen autonomia, elkarlana eta herrigintzarako ekimen eta inplikazioa lantzea da helburua.
Gizarte Ongizatea: Sistema publiko sendo eta integratzailea herritarren zerbitzura ipini nahi dugu. Bazterketa arriskuan dauden eta batez ere adineko pertsonenganako arreta berezia jarriko dugu. Bestetik, Mizpirualde egoitzaren leku egokiagoa bideratzea nahiko genuke.
Kultura: Seminarioaren permuta lortzea da lehentasuna, kultura adierazpenerako erreferentziazko gune bihurtzeko.
Euskara: Bergarako arlo guztietara euskararen eguneroko erabilpena zabaltzea eta indartzea da lehentasuna.
Kirola: Kirola bultzatu eta abian dauden egitasmoak bultzatu nahi dugu.
Hirigintza: Pertsonen neurrira, bizi izateko atsegina izango den herri bat lortzeko proiektuak abian jarriko ditugu.
Turismoa: Bergararen turismo potentziala zabaldu eta garatu nahi dugu.
Datorren agintaldian Errege Seminarioaren eta Arrizuriagako permuta gauzatuko dela uste duzu?
Gauzatu beharko litzateke, aurreko udalbatzak horrela erabaki zuelako.
Kale garbiketak ere polemika eragin du eta udalak auzia galdu egin du printzipioz. Ze iritzi duzu auzi horren gainean?
Ondo esan duzun bezala printzipioz auzia galdu egin du Udalak, baina erabakia errekurrituta dago, epaileek hartutako erabakia okerra dela uste dugulako eta legelari adituek hala esan digutelako. Baina ez da ahaztu behar auzi honen atzean printzipio ideologiko bat defendatzen ari garela: herritarrei herritarren zergen bidez ordaindutako zerbitzuak interes merkantil hutsa duten enpresen bidez pribatizatu beharrean herri administrazioek, dagozkien erakundeen bidez bere gain hartzea.
Agintaldi honetako beste nobedadeetako bat izan da doaneko TAO sistema. Aparkalekuaren arazoari irteera eman diola uste duzu?
TAO sistemak ez du erabateko konponbiderik ekarri, hori garbi dago, eta ezagutzen genituen bere mugak, baina arazoa arintzen lagundu du eta emaitzekin gustura gaude. Aparkalekuen arazoa konplexua da. Herria ez zen pentsatu gaur egun daukagun auto erabilera jasateko. Eta gainera ezin dugu herri bat autoen erabilera ohituren menpe jarri. Ohiturak aldatu eta beste azpiegitura mota batzuk garatu beharko ditugu herritarron neurriko eta ez autoen neurriko herri batean bizitzeko. Hau dena, kontutan izanik, TAO sistemak ondo funtzionatzen duela eta aparkaleku arazoa arindu egin duela gutxienez..
Dendaria zara. Herrietako merkatariendako ez dira garai errazak. Zer egingo zenuke herriko merkataritza berpizteko?
Gaur egun, Bergarako dendarien Elkartearen (Bedelkar) eta Udalaren artean harremanak onak dira eta hain erraza dirudien keinuak, izugarrizko balorea du. Elkarrekiko sentsibilitatea erakusten du eta alderdi bakoitzaren pentsaerak gerturatu ditu. Orain, harreman hauek,sendotu eta errotzeko aukera dugu. Elkarlana beharrezkoa da fruitu onak jasotzeko eta hor daukagu orain erronka bat, hirigune historikoaren birmoldaketarekin. 
Zeintzuk dira zure ustez herriaren premia nagusiak?
Industriagintza eta komertzioaren aktibitateak berpiztea. Horrek, Bergarako ekonomia garatu eta sendotuko luke. Hori dena lortu ahal izateko nahikoa kapazitate, lur sail industrial eta lokal kometzial dauzkagu.
Herritik gehien gustatzen zaizuna zer da?
Herria bera, jendea eta gauzak garatzeko daukan kapazitatea.
Eta gutxien?
Duela denbora gutxi Gipuzkoa eta bailara mailan eduki zuen pisua eta garrantzia pixkanaka galdu izana.
Zergatik erabaki duzu politikan parte hartzea, eta alkategai aurkeztea? Aurretik jardun izan duzu politikan? Betidanik ibili naiz politika munduan, baita ere sindikatukoan. Beste hauteskunde batzuetan ere parte hartzeko gonbita egin zidaten. Orduan, eta arazo batzuk medio, ez nuen onartu. Oraingoan, Aralarrekin independiente modura parte hartzea eskaini zidaten eta hementxe naukazue prest.
Zelako herria nahiko zenuke? Nolako herria amesten duzu?
Alaia eta herritarren artean egina. Denok elkarrekin ondo konpondu eta bizi izateko modukoa.
Alkate irteten bazara, zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Udalaren egoera ekonomikoa aztertu eta horren arabera zein gauzak daukaten preferentzia erabaki eta lanean hasi.
Gertutik |
|
Herriko txokorik gustukoena: Labegaraieta aldea eta bere ingurua. Herritar bat: Dendaria naizen ezkero, Susana Iza, dendarien eta Bergararen aldeko jarrera izan duelako beti; eta ezer esanik ez, euskara eta gure kulturaren aldekoa. Pertsonaia historiko bat: Salvador Allende. Telebistako saio bat: Eztabaida politiko lasaiak eta, nola ez, pilota partiduak. Irakurri duzun azken liburua? Capitalismo funeral, Vidente Verdurena. Egunkaririk erosten duzu? Zein? Aldiro, Noticias de Gipuzkoa, Berria eta Gara. Sare sozialietan aritzen zara? Ez naiz inoiz ibiltzen. Aurrerantzean? Batek daki. Interneten, zertan ibiltzen zara? Laneko kontuekin. Ze webgune bisitatzen dituzu? Lanerako behar ditudanak Ikusi duzun azken filma? La Sirenita nire bilobarekin. Abesti bat? Lau teilatu. Mania bat? Muki zapia ondo tolostea poltsikoan sartu aurretik. |