Gaztelekua egokitzeko lanak hasita, ekainean irekiko dute

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko maiatzaren 6a

Xabalote deituko da eta 13 eta 17 urte arteko gazteen topaleku izango da.

Asteon hasi dira gaztelekua Zabalotegin –Udal Euskaltegia zegoen eraikinean– egokitzeko lanak. Antia SL eta Excavaciones y Obras de Diego SL enpresek osatutako aldi baterako enpresak dihardu erakina egokitzeko lan horiek egiten, astelehena ezkero, Iñaki Arregik egindako proiektuan oinarrituta.
Udal Euskaltegiak orain arte erabili izan dituen pabiloietako bi hartuko ditu gaztelekuak –Udal Euskaltegia Irizar etxera joan da–. Obra handirik egin beharrik ez da egongo, eraikina egoera onean dagoelako, eta, seguruenik, ekainaren 9an inauguratuko dute. Bada, egingo dena da espazioa beste era batera banandu, eta asteon espazioak berrantolatzeko paretak botatzen jardun dute langileek.

Antolaketa berria

Bi pabiloietako bat gaztelekuaren gune nagusia izango da: areto handi bat hainbat sofarekin, ping-ponga, billarra... izango ditu eta horrekin batera sukalde bat ere izango du.
Beste pabiloiari dagokionez, gaur egun duen gelakako antolaketa mantendu egingo dute, han tailerrak-eta egiteko.
13 eta 17 urte arteko gazteendako gunea izango da. Hala eta guztiz ere, adin tarte horretan dauden ezberdintasunak kontuan izanda, adin tarte ezberdinendako programazioak egingo dituzte. Era berean, bi begirale egongo dira une oro gazteekin.
Ordutegiari dagokionez, eguenetik domekara egongo da zabalik. Eguen eta domeketan 17:00etatik 20:30era eta egubakoitz eta zapatuetan 17:00etatik 21:30era, hain justu ere.

Xabalote deituko da

Izena eta irudia ere baditu dagoeneko gaztelekuak. Hain justu ere, haren izena eta irudia erabakitzeko lehiaketa deitu zuen Udalak eta David Alcaraz Bergarako gazteak egindako proposamena aukeratu zuten apirilean.  
Hori horrela, Xabalote deituko da gaztelekua aurrerantzean eta saguzarra izango da haren irudia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak