Bergarako Errege Seminarioa: Museoa, zergatik eta zertarako izeneko erakusketa irekiko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan, Udalak antolatuta, maiatzaren 29ra bitartean.
Errege Seminarioko bildumako 28 pieza original egongo dira ikusgai, bitrinetan, eta, horrekin batera, antzinako zientzia liburu batzuk eta seminarioko kabineteetako antzinako argazkiak ere bai.
Udalak erakusketa horrekin Errege Seminarioaren ondare apartara hurbildu nahi ditu herritarrak, eta, museoaren errealitatea gizarteratzearekin batera, bergararren artean museoak Bergarari zein Euskal Herriari emango dizkion zerbitzuak eta ekarriko dizkion onurak eztabaidagai izatea ere espero du.
Erakusketa kontzeptuala
Museoko lantaldearen esanetan, "neurri baten erakusketa kontzeptuala" planteatu dute, eta hiru espazio nagusitan antolatu: espazio nagusian museoa egiteko zazpi arrazoi plazaratuko dituzte, erreflexio gai moduan, eta Museoa zergatik? galderari erantzungo diote arrazoi horiek. Ondoko gunean, horman kokatutako egitura bat baliatuz, museoak beteko dituen funtzioak azalduko dituzte, lau testuren bidez. Testuok Museoa zertarako? galderari erantzungo diote. Galderari erantzuten laguntzeko bi ikus-entzunezko ere egongo dira.
Hirugarren eremua zientzialarien galeria izango da. Hor, seminarioan zientzia egin eta landu duten ikerlariak gogoratuko dituzte eta baita seminarioarekin harremana izan dutenak ere. Eremu horren helburua da seminarioan maila handiko zientzialari asko egon direla adieraztea; eskola arrunta baino askoz gehiago dela.
Hiru eremu horietan barrena, seminarioko bildumako 28 piezak egongo dira ikusgai, bitrina egokietan.
Bestalde, herritarrek euren iritzia laga ahal izateko lekua ere egongo da aretoaren gune baten.
28 ikusgai, baina 3.012 guztira
Seminarioko bilduma historiko zientifikoak 3.012 pieza ditu eta bost sekziotan banatzen da: fisika eta kimika instrumentuak, giza anatomiako modeloak, zoologia, mineralogia eta paleontologia. XVIII., XIX. eta XX. mende hasierako pieza garrantzitsuak gordetzen ditu eta bikaina eta aberatsa da; Euskal Herrian ez du parekorik.