Bergara nortasun propioa duen herria izatea, bizia, kohesionatua, atsegina eta autogestionatua nahi dute bergararrek. Horiek dira 2020ra begira herritarrek eurek jarritako helburuak.
Herritarrek aurkeztu zuten programa
Mikel Laskurain aktoreak Eneko umearen paperean gidatu zuen saioa. Hainbat galdera egin zituen: herrigintza zer den, Bergaran denetik erosi ahal izango duen, kultur aretorik egongo den...
Galdera horiek guztiak erantzuteko ardura proiektuan parte hartu duten herritarrek izan zuten. Herrigintza, sozioekonomia, ingurumena, hezkuntza, euskara eta euskalduntasuna, lurralde antolamendua eta kultura eta kirola izan ziren landuta ardatzak.
- Herrigintza: erronka nagusia da herriko arlo guztiak bilduko dituen Elkargunea diseinatzea eta martxan jartzea.
- Sozioekonomia: ekintzailetasuna sektore guztietan (industria, nekazaritza, turismoa, nekazaritza...) bultzatzea, herriko beharrei erantzunez.
- Ingurumena: natur baliabideak babestea, errespetatzea eta energia gutxiago kontsumitzea, esperientziak martxan jarriz eta arautuz.
- Hezkuntza: hezkuntza eragileen arteko elkarlana bultzatzea eta sendotzea.
- Euskara eta euskalduntasuna: Bergara euskararen arnas gune izatea.
- Lurralde antolamendua: biztanleria mantentzera bideratutako etxebizitza-politika garatzea eta herri atsegina lortzeko mugikortasun-eredua lantzea.
- Kultura eta kirola: kultura adierazpenerako erreferentziazko gunea egitea. Kirolean, herri guztian oinezkoei lehentasuna ematea.
Plan estrategikoa Udaletxean egongo da
Aurkezpena girotu zuten Jon Maia eta Amaia Agirre bertsolariek eta Orkestrako soka taldeak. Horiek, ekitaldia amaitzeko Bergarako ereserkia eskaini zuten.
Aurkezpenaren amaieran Agurne Barruso Bergarako alkateak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien proiektuan parte hartu duten herritarrei, eta gaineratu zuen proiektu hau herritarrena dela. Horren harira, eta hurrengo legealdian alkate izateko eskubiderik izango ez duenez, osatuko den Udal Gobernu berriari eskatu zion aintzat hartzea herritarrek egindako plan estrategikoa.
2010-2020 plan estrategikoa Udaletxean egongo da herritarren eskura. Nahi dutenek udaltzaingora joan eta eskatzea besterik ez dute izango (euskaraz eta gazteleraz egongo da).